Azaroaren 23an onartu zituen Hondarribiko udalbatzak 2024ko udal aurrekontuak. Inoiz izandako kopururik handiena kudeatuko du Abotsanitzek udal gobernuan den aurreneko urte natural osoan. 29 miloi eurotik gora, iaz baino %15 gehiago. EH Bilduren babesarekin onartu zituzten, EAJ eta PSE abstenitu egin ziren bitartean. Aurrekontu osaketa prozedura «berritzaile, luze eta parte-hartzailea» izan dela nabarmendu du Igor Enparan Araneta alkateak. Alkatetzara heldu bezain pronto, uztailan, hasi zen horren lanketan, eta dioenez udal teknikari eta talde politiko guztiek izan dute euren ekarpenak egiteko aukera «aurrekontuak egin eta haiei aurkeztu beharrean, haien proposamenak hasieratik barneratu nahian». Horren seinale da alkatearen ustez, azken urteotan ez bezala, kontrako bozkarik ez duela jaso.
Edukiari begira, «udalak dituen baliabideak nola erabiliko dituen adierazten duen tresna» dela dio, eta horregatik «erreala behar du, eta herritarrek ulertzeko modukoa». Agenda 2030 eta trantsizio eko-sozialean oinarritutako aurrekontuak dira, eta edukiari begira «soziala eta parekidea».
«Helburua da gutxien dutenei gehien laguntzea», argitu du Enparanek, eta horregatik laguntza sozialetan hainbat ekarpen egingo ditu udalak. Ikuspegi sozialetik ere, heriotza denoi eragiten digun zerbait dela kontuan hartuta, dolua lantzeko programa bat jarriko dute martxan aurreneko aldiz. Eta parekidea, «behingoz Hondarribian Berdintasun teknikaria kontratatu eta saila sortuko dugulako, transbertsala eta udal politika guztiak hunkituko dituena, horri zentralidadea eman nahi diogu».
Bestalde, aurrekontuak gauzagarriak direla pentsatzen dute, eta hori adierazi baino konpromisoa aurkeztu du udal gobernuak. Gauzatzearen balorazio txosten bat osatuko dute hiruhilero, aurrekontuaren exekuzio maila ebaluatzeko. «Herritar orok ikusi ahal izango du zer egin den, modu garbi eta gardenean», iragarri du.
Asmoak baino, konpromisoak hartuta
Zentzu honetan, Abotsanitz oposizioan zela hainbatetan salatu izan zuen garaiko EAJren udal gobernuak ez zituela aurrekontuak exekutatzen. Gogoan hartuta, inoiz izandako aurrekonturik handiena dela aurtengoa, eta udal tasak zein inpostuak igo gabe, eta kreditu edo mailegurik eskatu gabe egingo duela aurrera, udalak altxortegian kaudimen soberakina duela argitu du Enparanek. «60 milioi euroko altxortegia dugula egia da, baina hori ez da seinale ona», egin du azpimarra. Udalak baliabideak dituen arren, azken urteotan aurreikusi eta gerora egin ez diren proiektuen ondorioz dela argudiatu baitu.
Kontatu digunez, 2015ean udaletxera iritsi zenean 35 milioi euroko altxortegia zuen udalak, eta oposizioan eman dituen 8 urteotan 60 milioi eurotara iritsi da erabili gabeko diru poltsa hori. Halere, eta «aurtengoa inoiz izandako aurrekonturik handiena bada ere, eskaxa geratzen zaigu», argitu du. Izan ere, «abordatu beharreko hamaika proiektu» daudela dio, «lehen urte honetan ezin dira sartu, baina horrek ez du esan nahi ez ditugunik agintaldirako plangintzan sartuko».
Zentzu horretan, bakarrik gauzagarriak diren proiektuak aipatzen dituztela azpimarratu du. Prozedura administratiboak aurreratuak daudenean, «orduan sartuko ditugu aurrekontuetan eta jakinaraziko diegu herritarrei gauzagarriak direla», iragarri du alkateak. «Ez duena balio da, urteetan ikusi dugun ehundaka proiektu egingo direla aipatu, eta gero ez gauzatzea. Horrek frustrazioa eragiten du herritarrengan, behin eta berriro saldu zaielako kea», azaldu du. Denok azkar jarduteko beharra dugula aitortu du, «baina guk egingarriak direnak aipatuko ditugu».
Hori guztia kontuan hartuta, udal gobernuak aipatu duen aurrekontuaren %100a betetzeko asmoari buruz galdetuta, hori baino gehiago dela aldarrikatu du. «Nik ez dut adierazi asmoa, konpromisoa baizik. Heldu den urtean balorazio bat egingo dugu bete egin dugun ala ez dugun bete. Baina aurrekontua osotasunean betetzeko egiten da», berretsi du alkateak.
Inbertsio eta proiektu aipagarrienak
Konpromisoak behin hartuta, hondarribitarrek hainbat proiektu garatzen ikusi beharko lituzkete herrian 2024an zehar. Gorago aipatutako Berdintasun Saila eratzearekin batera, «Alardearen gatazka konpontzeko bidean ausartak» izan nahi dutela nabarmendu du. Eta inbertsio edo proiektu nagusietan, aldiz, herritarren harremanak udalarekin errazteko BAZ bulego berria edo Arreta Zerbitzu eta Partehartze Bulego berri bat martxan jarriko dute, eta tramiteak egiteko makina bat ere; Mendelu auzoan Opengela deituko den gertuko gela zabalduko dute auzotarren eskura Stanley akademia zegoen eraikinean; Santiago kalea berrituko dute urte hasieratik; 2018an hasi ziren udal eraikineko bulegoetako obrak bukatuko dituzte; San Telmo gazteluaren indusketa arkeologiko eta lanak abiatuko dituzte; eta «buruhauste handienak ekarriko dituen» Hondartza kiroldegiaren kudeaketa zuzena egiteko 1,6 milioi euroko partida.
Orotara, 3,4 milioi euro zuzenduko dituzte inbertsioetara, iaz baino milioi euro bat gehiago. Gogoan hartu behar da, inoizko aurrekonturik handiena dela. Baina pertsonalean 8,5 milioi euro, eta eguneroko hornidura, material eta bestelako gastuetan 12,5 milioi euroko gastua duela udalak. Beraz, egunero pertsianak igotzeaz gain, alkatearen arabera «berrikuntzetarako eta aurrekontu orekatua izateko ez da tarte handirik geratzen». Halere, eta bukatzeko, udal langilegoaren balorazio bat egingo dutela iragarri du ere. «Orain banan-banan kexak entzuten ditut, baina sakonean aztertu beharra dago lantaldea eta haien egoera egokia ote den, 90. hamarkadatik ez baita halakorik egin, eta behartuak gaude 4 urtetan behin egitera».