Iganderarte luzatuko da Hondarribiko XXIX. Euskal Liburu eta Diska azoka

Aimar Lopez 2023ko abe. 15a, 16:01

Bederatzi argitaletxe, elkarte eta banatzaileren produkzioak erosten ahalko dira Arrantzale auzoan. Azokaren inguruko ekitaldi kultural andana antolatu ditu udalak.

Ostegun goizean hasi eta igande arratserarte, euskal literatura eta musikaren azken berrikuntzak erosteko aukera izanen da Hondarribian. Udalak Euskadiko Liburu Ganbararekin elkarlanean antolatu du 29. aldiz hitzordua, eta Euskal Herrian urtean argitaratzen diren bi mila nobedadetik gorako asko atzeman daitezke bertan.

Hain zuzen ere, Asier Muniategik, Euskadiko Liburu Ganbarako ordezkariak azpimarratu du "kalitate handiko idazle eta sortzaileak" dituela euskarak, baita "irakurle potentzial asko" ere, baina irakurzaletasuna sustatzen jarraitu beharra dagoela. Ildo horretan, Durangoko Azokan aurkeztu berri diren lan asko daude asteburuan Hondarribian, eta gainera, %10eko deskontuarekin.

Egitarau zabala

Azokaz gain, ostegunetik igandera bertze kultur jarduerak ere antolatu ditu Hondarribiko udalak. Hala, ostiralean Baloreak liburuaren aurkezpena izanen da 18:00tan Udal Liburutegian, eta Pink Fluid taldearen kontzertua 19:00tan Itsas Etxean.

Larunbatean berriz, Bordari Satarka literatur lehiaketaren saria banatuko dute azokan bertan 10:00etan, eta 12:00tan berriz Moby Dick liburu euskaratua aurkeztuko dute Hermandadean.

Azoka egunero 11:00tatik 14:00tara eta 17:00etatik 20:30era irekia izanen da.