Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Bordari eta Satarka literatur lehiaketaren sari banaketa egin zen joan den larunbatean. Arrantzale Auzoan ospatu den Euskal Liburu eta Disko Azokan egin zuten sari banaketa.
Bordari ipuin lehiaketan, lehen eta bigarren sariak hutsik geratu dira aurten. Baina Hondarribia saria, Jon Balerdik eraman du Amonaren eguzkilorea lanari esker. Satarka olerki lehiaketari dagokionez, lehen saria Gotzon Plazarentzat izan da Herioak olerkiarekin. Bigarren saria Iñigo Legorburuk eskuratu du Bizitza den doinu banda lanarekin. Eta kategoria honetan Hondarribia saria izan da, aldiz, hutsik geratu dena. Literatur lehiaketako epaimahaia Pello Otxotekok, Ainara Elizondok eta Mikel Arruabarrenak osatu dute aurten.