Ekainaren 17an Abotsanitzek bakarrik osatu zuen gobernua, baina « gobernu zabal eta kolore ezberdinetakoa » nahi zutela adierazi du Estitxu Urtizbereak. Bide horretan, bai PSE-EE eta baita EH Bildurekin gobernua osatzeko negoziazioak hasi zituzten, eta sozialisten ezezkoa eta gero, EH Bilduko kideak "ezagutzen" eta adostasunetara heltzen ibili dira. Aitortu dute bestetako lanek eta HAPOaren lanketak denbora hartu diela, eta abendurarte luzatu dela beraz akordio hau erdiesteko prozesua.
Bost oinarri ditu adostasunak: udal administrazio sendo eta modernoa sustatzea, herritarren parte-hartzea bultzatzea, justizia soziala eta bizi baldintzak hobetzea helburu duen herri euskalduna oinarri izatea, gobernagarritasunaren zaintza bermatzea eta azkenik udalaz gaindiko eskualdeko erakundeetan alderdi bakoitzak bere askatasuna mantentzea.
Modu berean, hamaika konpromezu ditu akordioak: agintaldi Plana; HAPOaren eguneratzea; euskara; berdintasun saila eta teknikaria; etxebizitza; mugikortasuna; zaintzen duen hiria; komunitatea eta gobernantza; alardea; Hondarribia herri hezitzallea eta energiaren ekoizpen lokala eta Hondarribiko 2050 Klima Plana.
Bide horretatik, Garoa Lekuona bigarren alkateorde izanen da hemendik aurrera, eta hain zuzen ere, ingurumenaren, euskararen eta energiaren udal ordezkaria izanen da. Orain arteko gobernu kideek bere horretan jarraituko dute, alkateordeen hurrenkera bertzerik ez denean aldatuko.
Entzun Estitxu Urtizberea lehen alkateordearen eta Garoa Lekuona bigarren alkateordearen adierazpenak.