Abotsanitzen aspaldiko eskaera eta kanpainako puntu nabarmena zen Hondarribiko auzoei garrantzia ematea, bertzeak bertze udal zerbitzuak bertara hurbilduz. Bide horretan urratsak emateko tresna aurkeztu du gaur Estitxu Urtizberea lehen alkateordeak; "Auzo Bihotzak" izendatu duten ekimena. Azaldu duenez, Auzo Bihotzak egunerokoa garatzeko moduko nukleoak izanen dira, herritar batek behar dituen zerbitzu guztiak -publiko zein pribatu- etxetik hurbil izateko moduan.
"Auzoak gainbeheran" direla, eta autoen mesedetan "kaleak hustu" direla erran du Urtizbereak. Horri erremedio emateko, oinez, bizikletaz edo garraio publikoz auzoz-auzo joateko modu berriak eraiki nahi dituzte: "auzoetan topaguneak sortzea bertan egiteko komunidadea, zaintza lanak, bizitza".
Abendu bukaeran, udalak Mendelu kaleko 15. zenbakiko eraikina erosi zuen, Stanley akademiaren eraikina, bertan Eusko Jaurlaritzarekin batera "Opengela" delako bat jartzeko asmoz. Hala, irekitzen denean, herritarrek hurbileko administrazioak aurkituko dituzte bertan, izapideak auzotik mugitu gabe egin ahal izateko. Eraikinaren bertze areto batzuen erabilerak, aldiz, Auzo Bihotzak egitasmoaren hausnarketetan lantzeke daude oraindik.
Hausnarketa publikorako deia
Mendelun, Amuten, Zezen Plazan, Sokoan eta Akartegin identifikatu ditu udaletxeak momentuz eskasiaren bat edo beste duten Auzo Bihotzak, baina Urtizbereak azaldu duenez, herritarrekin batera eginen dute identifikatu eta diseinatzeko lana. Horretarako lehen urratsa bilkura publikoen bidez emanen dute heldu diren asteetan.
Urtarrilaren 23an, Mendelu, Amute eta Arkollako bizilagunentzat, Mendeluko Auzo Elkartean.
Urtarrilaren 30ean, Alde Zaharra, Portua eta Puntaleko bizilagunentzat, Kultur Etxean.
Otsailaren 1ean, Akartegiko bizilagunentzat, Talaia Ikastetxean.
Otsailaren 6an, Eragile desberdinentzat, Udaleko Areto Nagusian.