Almazenean antzezlana estreinatuko dute gaur Itsas Etxean

Ekhiñe Zapiain 2024ko urt. 12a, 10:19

Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxagaren antzezlana gaur estreinatuko da, 20:00etan, Hondarribiako Itsas Etxean. 

Iker Galartzak eta Zuhaitz Gurrutxagak "Almazenean" antzezlana estreinatuko dute gaur, urtarrilaren 12an, 20:00etan Hondarribiako Itsas Etxean. Sarrerak 12 euroan daude salgai. Aitzinetik, online (https://tickets.kutxabank.es/#/eu/detalle/URTALMAZENEAN@Janto_KB/ITSAS) edota Arma Plazan eskura daitezke. Bertzela, antzezlana hasi baino bi ordu lehenago ere Itsas Etxeko lehiatilan erosi ahalko dira. Ekhiñe Zapiain lankidea Iker Galartza aktorearekin solastu da antzerki honen inguruan.

Sinopsia

Erretreta hartzeko dagoen arduraduna eta bere lanpostuan ordezkatuko duenak , ezinbestean, bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz deus gertatzen ez den almazen huts batean.

Erlojuaren tik-tak okerra, bi ezezagunen arteko isilune deserosoa, esperoan egotearen amorrazioa, bi pertsonaien arteko gatazka eta gezur handi baten zama.

Baldintza guzti horien baitan, bi langileen arteko harremana estutzen joango da eta amankomunean daukaten zera horrek lotuko ditu betirako: galtzaileen kontzientzia.

David Desola idazle kataluniarrak atondu duen komedia zorrotz eta garratz honek lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnarketa egiten du. Antzerki-lan honek Hermanos Machado Saria jaso zuen.