Seme-alaben osasun mental eta emozionalari merezi duen arreta eskainiko diote Hondarribian

Koldo Nausia 2024ko ots. 23a, 13:33

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten 65 udalerritan eskainiko dituen TREBA programaren 134 tailerretako lau Hondarribian emango ditu udalaren laguntzarekin. Interneta, pantailak eta sare sozialen kudeaketa osasuntsuaz gain, pandemiaz geroztik emendatutako gazteen arazo mental eta emozionalak gurasotasun positibotik prebenitu nahi dituzte.  

Gipuzkoako Foru Aldundiaren haurrei, nerabeei, gurasoei zein profesionalei zuzendutako TREBA programa Hondarribira iritsi da. Udalarekin lankidetzan atzo eman zuten osasun mentala eta emozionala, eta pantailen erabilerari buruz familiek dituzten zailtasunetan laguntzeko programaren aurreneko tailerra. Rakel Gamitok eskainita, interneta, pantailak, bideojokoak eta sare sozialen abantailak eta gatazkak kudeatzeko tailer honen bigarren saioa otsailaren 29an izango da. Halere, hurrengo bi hitzorduetarako baizik ez daude plazak.

Martxoaren 18an Estibaliz Ansotegi adituaren eskutik nerabeen osasun mentala landuko dute. Eta maiatzaren 8an, aldiz, Donna Apellanizek haurren eta nerabeen emozioak izango ditu aztergai, seme-alaben emozioak zaintzen ikasteko. Izan ere, oraingo honetan, gurasoei zuzendutako tailerrak izango dira, baina Foru Aldundiak Treba programa gazteekin zein profesionalei zuzendutakoak ere proposatzen ditu Gipuzkoan zehar.  Aukera aprobetxatzeko deia luzatu du Igor Enparan alkateak. «Gure garaian ez zitzaion beharbada osasun mentalari eta emozioei behar arreta eskaintzen, baina gurasotasun positibotik gizarte hobeago bat lortzeko horrelako baliabideak aprobetxatu beharra dago», azpimarratu du alkateak. 

TREBA programa duela hiru urte sortu zuen Foru Alduniak. Eta sekulako arrakasta izan du Gipuzkoan. Gazteriako diputatua Goizane Alvarezek eman dituen datuen arabera, iaz 104 hitzaldi eta tailer eman zituzten Gipuzkoa osoan. Eta aurten 200ndik gora eskaera jaso dituzte dagoeneko 65 udalerritan, eta 134 burutuko dituzte. Gazteen beharrei kasu eman eta gurasoen eskaerari erantzuteko beharrak gora egin duela argitu du, eta aldundiaren helburua ahal bezainbat herri eta eremuetara heltzea dela nabarmendu du. Goizane Alvarezek aitortu duenez, «guraso izatea erronka potoloa da, eta pandemiaz geroztik haur eta nerabeen artean osasun mental arazoak emendatu egin dira». Pandemiak interneta eta pantailen erabateko presentzia areagotu egin du ere, eta zentzu honetan, «mundu globalizatu honetan gaur egungo gazteek informazio asko dute eskura eta filtrorik gabe, eta gurasoek baliabideak behar dituzte hori kudeatzeko, eta haur eta gazteentzat gune seguruak lortzeko». 

Tailer hauetan izen-ematea dohakoa da, eta www.hondarribia.eus atarian izena eman daiteke. Eta programari buruzko xehetasunak bideo honetan duzute eskura. 

Hondarribiko alkate Igor Enparan eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria diputatu Goizane Alvarezen azalpenak dituzue albiste honetan entzungai.