Kale Nagusiko 5. zenbakian kokatua dagoen Casadevante etxea salgai dago. 1587. urtean eraikia 400 urtez etxeari izena ematen dion familiaren jabetzakoa izan zen. Eta 1985ean hau saldu eta Hotel Pampinot bilakatu zen. Orain berriz salgai dago, eta jabeak interes pribatuko eskaintzak jaso baditu ere, EAJk ohartarazi du udalarengana ere jo omen duela eduki dezakeen interesaz galdetzeko. Izan ere, barroko estiloko eraikina Hondarribiko Hirigune Historikoaren Monumentu Multzoaren parte da. Eta hori kontuan hartuta, EAJ udal taldeak «jauregia erosteko aukera baloratzen hasteko» eskatu dio Udal Gobernuari. «San Telmo gaztelua erosteko erabili ziren irizpide berberei jarraituz, herriko ondare historikoa balioan jarri eta interes publikoak pribatuen aurretik ezarri behar dira», gaineratu dute jeltzaleek.
EAJk aitortu du halere, jakitun direla halako erabakiak ez direla egun batetik bestera egikaritzen, eta prozesua luzea izan daitekeela. Baina San Telmo gazteluaren erosketarekin «interesa dagoenean egin daitekeela» egiaztatu ahal izan dela. Erabakiak hartzeko unea dela azpimarratu dute, eraikina erosteko interes pribatuak daudela jakin izan dutela argituz, eta egungo jabeak eduki dezakeen interesari buruz galdezka udalarengana jo duela aprobetxatu beharra dagoela. «Saiatu ere egiten ez bagara, agian urte batzuk barru damutuko gara», diote.
Zentzu honetan, Casadevante jauregian garatu daitezkeen proiektuei buruz ere, proposamenak egin ditu EAJk. Lau solairu dituela gogoratu dute, eta erakusketa areto zein kulturarekin, sortzaileekin eta artistekin lotutako hainbat erabilerara bideratu daitekeelakoan daude jeltzaleak. «Ziur gaude hondarribiarrek oso modu positiboan baloratuko dutela Udalak etxea erostea eta herritarren zerbitzura jartzea», diote.
Gogoan hartu behar da, udalak egin duen azken antzeko erosketak, San Telmo gazteluarenak 3,5 milioi euroko inbertsioa eskatu zuela. Ahobatez onartu zuten talde guztiek. Baina Eusko Jaurlaritzari ondare historikoaren garrantzia kontuan hartuta laguntza eskatu zitzaion, eta ondoren martxan jarri dituzten indusketa arkeologikoak babestuko baditu ere, erosketaren inbertsio osoa udalak hartu behar izan zuen bere gain. Igor Enparan egungo alkatea oposizioan zela, hau oroitarazi zion Iñigo Urkullu lehendakariari berari San Telmo gaztelura honek iaz egindako bisitan.
Oraingo honetan, aldiz, Casadevante jauregiaren erosketak suposa dezakeen inbertsioari buruzko daturik ez dute jeltzaleek eman.