Mendia bizirik dagoela oroitarazi du Hondarribiko itsaslabarrak

Koldo Nausia 2024ko mar. 4a, 12:42

Higer Bidean asteburuan emandako luiziak Hondarribian eragindako «susto handia» baretuta, pertsonen segurtasuna bermatzeko erakundeek erakutsi duten koordinazio gaitasuna beharrezkoa ikusten du Hondarribiko alkateak ere, etorkizunera begira «bizirik dagoen mendiaren labarrari» neurri hartzeko. 

Gaur goizean hasi dira asteburuan Higer Bidean emandako luiziaren ondorioak arintzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, hiruzpalau hilabete beharko dituzte errepidea berriz ireki arte, garbiketa lanak eta mendi ezponda sendotu bitartean. Izan ere, azken egunotako euri erauntsien ondotik, 120 bat tona harri-mimarriko arrokak, loia eta landaredia erori zen errepidera larunbatetik iganderako goizaldeko 2:15ean, eta inguruko etxebizitzetako bi familia (6 pertsona guztira) etxetik atera behar izan zituzten.

Igor Enparan alkateak azpimarratu duenez, pertsonen segurtasuna bermatu nahi izan dute lehen momentutik, aitortuz luiziaren dimentsioa ikusita ondorioak larriagoak izan zitezkeela. «Susto handi bat izan dugu Hondarribian, eta 24 ordu pasatuta pixkat baretuta, azpimarratu behar dugu zorionekoak garela, izan ere horrelako luizi bat gertatu denean etxebizitzak eta pertsonak inguruan egonik, zorionekoak gara kalte pertsonalik ez delako izan», argitu du. Bestalde,

Agintariek zuhurtziaz jokatu nahi izan dute lehen unetik, eta segurtasuna bermatu. Zentzu honetan, alkateak erakundeen arteko koordinazio azkarra balioan jarri nahi izan du, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hondarribiko Udalaren lankidetza eta erantzuna azkarra izan baita.

Itsaslabarraren etorkizuna

Halere, «mendia bizirik dago, eta ezin dugu itsaslabarrak eta naturak zer mugimendu egingo dituen kontrolatu». Hortaz, etorkizunera begira erakundeen arteko lankidetzatik neurriak hartu beharko direla iragarri du Enparanek. Kontuan hartu behar baita, 2011az geroztik hainbat luizi gertatu direla, eta aipatutako erakundeetaz gain, Espainiako Kostaldeko Agintaritzarekin lankidetzan ere, zenbait konponketa eta labarraren sendotze lanak burutu dituztela. Aitor Kerejeta alkate zen garaian lortu zuten aurreneko lanak egitea, eta aurreko agintaldian Txomin Sagarzazu alkate zela errepidea zulatu egin zuen beste luizi baten ondorioz ere, hainbat hilabetez luzatu zituen aldundiak zati horren konponketa lanak. 

Epe luzerako lanak eta trafikoan eragina

Gainerakoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Higer Bideko errepidea berriz ere trafikoarentzat irekitzeko hiruzpalau hilabeteko epea eman du, momentuz. Luiziaren arrokak txikitu eta bidea garbitzearekin batera, mend-labarra sendotu beharko baitute, eta segurtasuna erabat bermatu.

Bien bitartean, atzo Kai Berriko Pierre Lhande kalean semaforo bat jarri zuten Higer farolarako igoeran dauden bizilagunek etxera heldu daitezen. Baina Ramon Iribarren kalea itxita dago gaur. Horren ondorioz, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiako arrantzaleek ezin izan dute gaur normaltasunez lan egin berdel kosteran, eta prestaketa lanetan aritu dira Kirol Kaiatik kofradiaraino txalupaz eginez. Alkateak azpimarratu duenez, astearte honetarako lanera bueltatu ahal izatea aurreikusten dute. Izan ere, goiz hontan bertan, lanean hasi dira Ramon Iribarren inguruetan hormigoizko blokeak ezarri eta itsaslabarretik eror daitezkeen zatiak bidera iristea sahiesteko. Alkateak iragarri duenez, errail bakarra egokituko dute semaforo bitartez txandaka joan-etorri ahal izateko.