Bidasoa ibaiaren bi ertzeetan erdi aroko sorginkeri istorioetan, eta bereziki Hondarribiko historian aparteko pasartea merezi duen Inesa Gaxenen figura berreskuratzeko lanetan dihardute, Inesaren jaioterrian, Bastidan. Haren izena duen pastorala sortu dute. Itxaro Bordak idatzirik eta Yvan Bareyrek euskaratik okzitaniera-gaskoierara itzulita, bi hizkuntzetan taularatuko dute Pantxika Urrutyk zuzenduta. Dantzari, aktore eta abeslarien artean, orotara 105 partaide ari dira dagoeneko ekainaren 15-16an taularatzeko entseguetan. Errepika horietako batean egon da Arantxa Idieder lankidea.
Sorginen irudi historikoa patriarkatuaren eta elizaren Inkisizioaren errelatoaren arabera idatzi bada ere, gaur egun jakina da emakume ahaldunduak zirela, erlijio-pertsekuzioa eta errepresioa pairatu zutela. Horietariko bat dugu, Bastidan (Baxe Nafarroa) 1566an sortutako Inexa Gaxen. 1580an, 14 urte zituela, Urruñako Tristan Urtubiko jaunak sorginkeriaz akusatu zuen, eta Hendaian arrastatu. Azkenik, 18 urtetan libratu zuten, Akizeko apezpikuak hobengabeturik. Irunen aterpetu zen orduan, eta Hondarribiko soldadua zen Pedro de Sanzarekin ezkondu zen.
Baina 1611n, berriz ere sorginkeriaz akusatu zuten Hondarribian. Oraingoan haur batzuek sorgina zela esan eta preso hartu baitzuten, beste emakume batzuekin batera. Gerora Logroñoko Inkisizioak kargurik gabe utzi bazuen ere, hondarribitar askok ez zuten hau onartu, eta txalupa batean Hendaiako mugan utzi zuten, betirako desagertu zelarik.
Orain, bere istorioa kontatu eta gertaturikoa berridatzi nahi duen ‘Inesa Gaxen’ pastorala taularatuko dute euskaraz eta gaskoieraz, heldu den ekainean bere jaioterrian. Xehetasun gehiago www.inesadegaxen.fr