Hondarribian dena prest dute Korrikari harrera egiteko. Eta girorik ez da faltako herrian. Hainbat dira ostegun honetarako Korrika pasa aurretik eta ondoren herria girotzeko asmoz antolatutako ekimenak. Horien artean garrantzitsu eta antolaketan partehartzaileena, Korrika Gaztea izango da. Batxilergoko ikasleek antolatuta, goizeko 10:00etan eman dute hitzordua Zumardi ondoko San Juan de Dios biribilgunean, eta Portu aldera egingo dute Santa Maria Madalen plazan gero, gazteek beraiek proposatutako jaia ospatzeko. Puntaleko gaztelekuak bere partetik 'Korrika Gaztelekuarekin' deia luzatu du 17:00etan Puntalen bertan, Korrikan parte hartzeko.
Bestalde, 16:00etan Branka Jatetxeak ateak zabalduko dituela jakitera eman du, Korrika Hondarribitik pasatzen den egun berean. Haien asmoa, Korrika pasa baino lehen eta ondoren, inguruan giro pixkat sortzea izango da. Eta horretarako, pintxopote alaitua egongo da. Horrekin batera, ekintza berezi gisa, Atala Brewing eta Higer Beer Hondarribiaren artean egindako ITXEKI garagardo artisauaren aurkezpena egingo dute Branka Jatetxean bertan, 18:00tatik aurrera. Bertan kontsumitzeko zein etxera eramateko latak salgai egongo direla iragarri dute herriko ekoizle hauek.
Martxoaren 22an ere KORRIKA
Bestalde, Talaia, Egiluze eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek Korrika Txikia ospatuko dute martxoaren 22an. Eskola bakoitza kolore batez jantzia egongo da, eta lekukoak haien artean adostuko dituzte. Arma Plazatik abiatu eta Kale Nagusian behera, Sabino Arana kaletik Santa Maria Madalenaraino joango dira. Gari Amundarain Egiluzeko irakasleak azaldu duenez, “beti arrakasta duenez ohiko formatoan ospatuko da, baina bukaeran Gora Bihotzak erromeriarekin borobilduko dute”.