Larunbata honetan goizeko 11:00ean Hondarribian iaz jaio ziren haurren omenez ‘Zuhaitz Eguna’ ospatuko da. Azken urteetan bezala, San Telmo inguruetan egingo da, eta aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean kendutako pinuak zeuden lekuan bertako ametzak landatuko dituzte. Izan ere, familientzat ekimen sinbolikoa bada ere, ia hiru hamarkadaotan 4.000 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte Jaizkibel mendian ekimen honi esker. Hasiera batean, 90. hamarkadan Jaizkibelen emandako suteen ondoren, Artzuko Gregorio Berrotaran zenak abian jarritako ekimenak mendia basoberritzeko helburua ere baitu oinarrian.
Garoa Lekuonak, Ingurumen zinegotziak azaldu digunez, «Jaizkibel menditik bildutako ezkurretatik sortutako ametzak dira». Aurtengoa 29. edizioa izango da, eta azken urteetan landaketa eredua ere egokitu dute irizpide berrietara. Garai batean, haur bakoitzaren izena zeraman zuhaitza, eta erraz bisitagarriak izateko lerrokatuta landatzen zituzten. Orain, aldiz baso moduan landatzen dituzte eta izenik gabe. «Kolektibitateari eman nahi diogu garrantzia, eta aurtengoa 2023an jaiotakoen basotxoa izango da», azpimarratu du Lekuonak.
Eta basotxoa, inoiz baino txikiagoa izango da. Aurten 95 zuhaitz besterik ez dituzte landatuko, jaiotze-tasa etengabe apaltzen ari den garaiotan, ospatutako edizio guzietan landatutako arbola kopuru txikiena izango da aurtengoan. Iaz jaiotako 95 haurren artean, 50 neskak dira eta 45 mutilak. Izenik erabilienak, aldiz, nesken artean Alaia, June eta Mara izan dira, eta mutilen artean Adur, Lier eta Paul.
Bestalde, Gregorio Berrotaranek usadio bilakatu zuen mendian ibiltzeko urritzaz eskuz eginiko makil banaketa izango da ere. Urtero bezala, 7 urte bete dituzten hondarribitarrei udalak xenda-bideen liburuxka eta makil bana emango die 12:00etan egingo den ekitaldian. 2017koan jaiotako 133 haurrak gonbidatu dituzte, jaiotzeen bilakaeraren irudiko. Garoa Lekuona zinegotziak aitortu digunez, «irakurtzeko adina dutenez, haiei zuzendutako gutuna idatzi diegu».
Egunaren antolaketa
Kopuruak apaldu badira ere, 230 haur inguru eta haien familiak deituak izan dira ekitaldia. Eta Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, autoak aparkatzeko bi gune egongo dira, bata San Telmo tiro zelaiaren inguruan, eta bestea Higer Itsasargiaren alboan. Baina Udaletik eskatu dute «ahal den neurrian oinez igotzeko, batez ere 7 urteko haur eta haien familiei». Makilen banaketa ekimena, hain justu, mendizaletasuna sustatu eta Jaizkibel mendia maitatzen ikasteko helburu baitu azken finean.