Egungo gizon korurik arrakastatsuenarekin itxiko dute asteburuan Eliz Musika Zikloa

Koldo Nausia 2024ko mar. 19a, 12:39

Bulgarian eta Txinan ariko den Suhar gizon koruaren kontzertua jasoko dute larunbatean Hondarribiko Eliz Musika Zikloaren bigarren asteburuan. Eta igandean, Eskifaia eta Xatz abesbatzetako gizon eta emakumeen ahotsek itxiko dute 40. edizioa, Javier Busto, Josu Elberdin organu-jolea eta Leticia Vergara mezzosopranoaren parte hartzearekin. 

Joan den asteburuan 300 ikusle bildu zituzten Eskifaia abesbatzak Alde Zaharreko parrokian antolatutako Hondarribiko Eliz Musika Zikloaren emanaldiek. Bere 40. edizioa du musikaldi honek, eta hurrengo asteburuan borobilduko dute larunbata eta igandeko emanaldiekin. Aste Sainduaren atarian gauden honetan, lau hamarkadatan zehar errotu eta abesbatzen lana balioan jarri duen eliz musikaldiaren antolatzaileek egindako lana azpimarratu beharra dago.

Gorka Aierbek, Eskifaia abesbatzako zuzendariak dioenez, «Eskifaia duela 46 urte sortu eta gutxira antolatzen hasi zen zikloa, eta parrokiaren akustika ezinhobea da horrelako obrak gozatzeko». Bidasoaldean abesbatza eta koru desberdinetan abesten duten ehunka lagun dira, eta zaletasuna bizi-bizirik dagoela dio. «Geroz eta zailagoa suertatzen da gaztetxoak erakartzea, lehia handia delako», dio. Baina Eskifaiaren kasuan Aritz Enparanek zuzentzen duen harrobiko taldeak belaunaldi berria segurtatzen du momentuz. Gipuzkoan Eskifaia betidanik erreferente bat izan dela azpimarratzen du bere zuzendariak. Eta egindako lana balioan jartze horretan, eliz musika zikloa ere, etxekoek borobilduko dute martxoaren 24ko kontzertuan.

Asteburuko bi kontzertuak

Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren parrokian, arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta emanaldian, herriko emakumeen Xatz Eskifaia (ahots zuriak) eta Eskifaia Abesbatzarekin itxiko dute aurtengo edizioa, Josu Elberdin organu-jolearen edota Leticia Vergara mezzosoprano irundarraren partehartzearekin. Eta Javier Bustoren Popule Meus ez ezik, Bustok sorturiko Requiem eternal obrarekin amaituko dute kontzertua.

Larunbatean, aldiz, goi mailako emanaldia jasoko du Alde Zaharreko parrokiak. Suhar gizon koruaren kontzertua izango da 20:00etan. Gorka Aierbek azaldu digunez, Bulgarian edo Txinan egongo diren euskal ahotsak entzuteko parada izango dugu Hondarribian. Tolosako Choral Contest azken lehiaketan jokoan ziren bost sariak eskuratu baitzituen koru honek, eta horri esker Varnako (Bulgaria) Europa mailako lehiaketan ariko dira uztailan. Eta ondoren Txinan ere abestuko dute gonbidatuak izan diren jaialdi batean. 2018an sortutako korua bada ere, eskarmentu handiko 30 gizon ahots bateratzen ditu, eta adituen arabera «gizonezko koruen kontzeptua berrasmatu egin du» euskal talde honek. Hortaz, aukera paregabea eskualdetik mugitu gabe, une hontako gizon korurik honenetakoaz gozatzeko.

Hemen ikus dezakezute Suhar korua abesten