Amuteko haur parkea estaltzeko lanak hasi dituzte

Antxeta Irratia 2024ko api. 3a, 12:56

2022ko udal aurrekontu parte hartzaileetan Hondarribiko Udalak hartutako Biteriko haur parkea estaltzeko konpromisoa hartu bazuten ere, Amuteko kirol gunean dagoen haur parkea estaltzeko lanak hasi dituzte atzo. Jokoen eremua itxita egongo da datozen lau asteetan. Bitarte honetan, futbol zelaia dagoen gunean eta frontoia erabili ahal izango dira.

Aurreko agintaldian EAJ udal gobernuan zela abian jarritako partaidetzazko udal aurrekontuetan proiekturik bozkatuena izan zen haur parke baten estaltzea. Halako proiektuak orokotzen hasiak dira eskualdean, negu gorrian haur parkeak erabiltzen segitu ahal izateko beharra dela eta. Irunen, adibidez, Olaketako parkea izan zen horretan aintzindaria. Eta ondoren, Nagore Laffage parkea estalki batekin sortu zuten ere. Hondarribian, aldiz, orain artean ez zen halakorik. Eta 2022an aurreneko aurrekontu parte hartzaileen prozesu horretarako Udalak gehienez ere 500.000 euroko aurrekontua bideratu zuelarik, 710 lagunek bozkatu zuten udal gobernuak aldez aurretik proposatutako bost proiektu posibleen artean. Horietatik %35ak herriko haur parke bat estaltzearen aldeko hautua egin zuen. Bigarren proiektua Amuten bertan frontoia estaltzea zen eta bozken %29ak lortu zuen. Beraz, Amuten behar hori dagoela agerian geratu zen iada.  

Proiektua erabakita, Hondarribiko 15 haur parkeetatik egokiena zein zen aztertu zuten udal teknikariek, eta 2023an Maria Serrano zinegotzi zela, Biteriko haur parkea estaltzea erabaki zela iragarri zuen. Aldiz, proiektu hau ez da gerora gauzatu. Baina atzo Amuteko haur jolas gunea estaltzeko lanak hasi dituzte. Beraz, bada lehen urrats bat. Udalak jakinarazi duenez, jokoen eremua itxita egongo da datozen lau asteetan. Eta bitarte honetan, futbol zelaia dagoen gunean eta frontoia erabili ahal izango dira.