Carlos Alonso, Mendeluko bizilaguna

«Amorru ematen du salaketa oker bat jasotzeak, baina sortu den zalapartak Mendelun uholdeei behingoz neurri hartzeko balio badu, ongi etorria da»

Koldo Nausia 2024ko api. 3a, 15:04

Auzokideak kezkatuak daude marea-bizietan Letxunborro errekak gainezka egiten duelako. Eta Hondarribiko Udalak 130 bizilagunek izenpetuta otsailaren 19an egindako prebentzio neurrien eskaera urgentziaz tramitatu badu ere, anartean baimendu gabeko obra batzuen «gaizki-ulertu» batengatik kalapita sortu da.   

Martxoaren 27ko Hondarribiko Ezohiko Osoko Bilkura, benetan ez ohiko udalbatza izan zela (Ikusi hemen). Aski gatazkatsua, eztabaida gogorra eman zen PSE eta EAJ oposizioko taldeen eta Udal Gobernuaren artean. Eztabaida zakarkeri politikora iritsi bazen ere, Mendelu auzoak marea-biziekin jasaten duen uholdeen problematika oinarri hartuta, auzokide batzuk Udalaren partetik dekretu bidez jasotako «obra klandestino» batzuengatiko salaketa baten ondorioz piztu zen eztabaida.

Gobernu Organoen kontrolerako puntua bazen ere, oposizioak  dekretu honetatik haratago eraman zuen eztabaida. Eta funtsean «eman beharreko eztabaida desbideratu» egin zela uste du Carlos Alonsok, salaketa jaso duen auzokideetako batek. Izan ere, alkatetzako dekretu horren denuntziaren oinarria da, Mendeluko Zahar Azpi etxearen aurreko lursailan egindako baimendu gabeko obra. Udalak lan horiek atzera egin, eta eremua lehengoratzeko agindua eman die. Aldiz, bizilagun hauek Letxunborro errekaren bazterrean, Errekalde etxearen atzealdean egindako uholdeen kontrako prebentzio lan batzuetan ari zirela diote. 

Salaketa okerragatik amorrua

Salatuak izan diren hiru auzokideei amorru handia eman die leporatzen zaiena. Argi dutelako eurek ez dutela zerikusirik lan horiekin. «Udaltzaingoa bertan azaldu zenean, aldameneko lursailan errekaren bazterreko sasiak desbrozatzen ari ginen, eta ez dugu zerikusirik izan orain lehengoratzea eskatzen diguten beste partikular horren obrarekin», dio Carlos Alonsok. Aitortzen du halere, baratzeen arteko bidexkan uholdeek eramandako lurra kontuan hartuta, «lokatza zapaldu gabe ibili ahal izateko materiala bildu eta bidea atondu» egin zutela, baina lan horiek gelditzeko agindu zitzaien momentuan hala egin zutela. Dekretua gaizki egina dagoela dio, eta hau atzera bota edo indargabetu dezatela eskatu du BAZ bulegoan idatziz.

Bidenabar, abuztuaz geroztik bost uholde jasan ondotik, hasieran 30 bat bizilagunek auzolanean uholdeen urak euren etxe edo baratzetara sar ez dadin zenbait hobekuntza egin dituztela aitortu digu Alonsok, «baina ez digute beste aterabiderik ematen, administrazioak hartu beharko lituzke neurriak, eta neurririk hartu ezean ura sartzen zaigu», kexu da, Mendelu auzoko baratzeak eta Josu Langilearen etxebizitzak, (Letxunborro errekaren bazterreko eremu osoa) itsas-mailaren kotaren azpitik 10 metrotan kokatua dagoela gogoratuz.

Udalak alegazioak aurkezteko aukera eman du salaketari dagokionez, herritar orok duen eskubidea baita, baina Igor Enparan alkateak argi utzi zuen udalbatzan dekretuaren tramitazioak bere bidea jarraituko duela gertatutakoa argitu arte. «Dekretu bat bertan behera uztea tramitazio administratiboek ez naute onartzen, eta tramiteak burutu behar dira, ezin da bistagor egin erosoago edo deserosoago egiten zaigulako. Gure lana da adieraztea lan horiek ezin direla legeztatu, ez dagoelako udalaren esku baimen hori ematea», argitu zuen alkateak. Bidasoa ibaiaren itsasadarreko urek gainezka egiten dutenerako prebentzio neurriak hartzea URA Agentziaren eskumena da eta. Erakunde honi urgentziaz galdegin dio udalak bizilagunek luzatutako obra baimen eskaera, eta ebatzitako ezezkoa da Udalak tramitatu duena. Aldiz, otsailaren 19an 130 auzokidek izenpetutako idatzian Udalari eskatutako prebentzio neurrien harira, URA Agentziak hondar-zakuak jartzeko baimendu diela aitortu du Estitxu Urtizberea Hirigintza arloko ordezkariak, honakoa urgentziaz bideratu dutela nabarmenduz.

Zentzu honetan, eskaera luzatu zuten bizilagunek ez dute honen berririk jaso oraindik. «Ofizialki udal gobernuko inor ez da auzora hurbildu, ez salaketak diona egia ote den argitzeko, ezta gurekin hitz egin eta informatzeko», salatu du Alonsok.

Benetan eman beharreko eztabaida

Baina arestian esan bezala, «ika-mika politikoek lokaztu dezaketen eztabaidatik haratago» joan nahi dute uholdeengatik hunkitutako auzokideek. Izan ere, urte luzetan errepikatu den egoera bat bada ere, Letxunborro errekak maiz asko gainezka egiten du azken aldi honetan. Eta krisi klimatikoaren erronkari heldu behar zaiolakoan daude auzoko bizilagunak. «Urte luzetan ez du inork deus egin gu laguntzeko, eta ura etxeetan sartzen da eta baratzetan, geroz eta gehiagotan gertatzen da, eta etorkizuneko plangintza bat egin beharra dago, hemen bezala Hondarribiko beste zenbait eremutan ere», azpimarratzen du Alonsok.

Zerbait «definitiboa» eskatzen dute, eta Hondarribiko Udalak onartu berri duen Mendelu Auzoa Uholdeengatik Babesteko Ikerketa Hidrografikoaren proiektuarekin pozik daude arazoa duten bizilagunek. Horregatik, salaketa okerra argituko dutelakoan dago, baina garrantzitsuena sortu den eztabaidak agintarien arreta piztu duela, eta neurriak hartzen hasiko direla da bere ustetan. «Amorru ematen du salaketa oker bat jasotzeak, baina sortu den zalapartak Mendelun uholdeei neurri hartzeko balio badu, ongi etorria izan dadila»