Abotsanitz udalgintzan duela 10 urte hasi zenetik, Hondarribiko Udalean Berdintasun teknikari bat aldarrikatu du makina bat alditan. Orain udal gobernuan urtea bete ez duela oraindik, formakuntza hori duen teknikari bat lanean hasi da aurreneko aldiz. «Betidanik eskatu dugun figura da, behar-beharrezkoa den zerbait da gure herrian. Eta lehen Gizarte Zerbitzuetatik eramaten bazen ere Berdintasuna, ez genuen erreferente bat», azaldu digu Josu Peñak, Gizarte Kohesiorako zinegotziak, «eta orain gobernuan gaudela, eskatzen genuen hori ahal bezain pronto bete dugu, eta iadanik aurreko astean hasi zen lanean». Arlo propiorik ez du momentuz, baina Gizarte Zerbitzuen departamendutik kanpo kokatu dute lanean, «zeharka» udaleko departamendu guztiekin elkarlanean ariko baita lanean aholkulari gisa.
Udal ordezkariak argitu duenez, «egin dugun lehenengo gauza izan da, Gizarte Zerbitzuetatik atera, eta aurrekontuetan partida bat aurreikusi genuenez, orain departamendu guztiekeri aholkatu egingo die, ez du bakardadean lan egingo». Eta badu lana aurretik. Izan ere, Hondarribiak «atzerapen handia» duela aitortu du berdintasun politiketan. Gipuzkoako 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien artean azkena izan delako teknikari bat kontratatzen, eta horren irudiko da ere, Hondarribiko Berdintasun Udal Plana ere. Lehenbizikoa eta bakarra baitu. «Ez du jarraipenik izan, eta uste dugu zaharkitua dagoela eta halamoduz egin zela, beraz erronka hutsetik hastea bezala izango da», dio Peñak. Era berean, Erasoen Aurkako Protokolo bat eratuko du, gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiarena jarraitzen dutelako Hondarribian, baina orain jaietan edo beste ekintza kulturaletarako herriari egokitutako bat garatuko du herriak, Hondarribia eremu segurua izan dadin.
Esan gabe doa ere, aipatutako Berdintasun Plan berriak Alardearen gatazka gainditzeko bideorri bat markatu beharko duela, eta udalak ez duela gaia baztertuko. «Guk betidanik defendatu dugu alarde publiko eta bakarra nahi dugula, eta lanean ari gara. Berdintasun teknikaria lanketan parte hartuko duen beste figura bat izango da noski», argitu du.
Gizarte Zerbitzuen eskubideak herritarren eskura
Bestalde, Gizarte Zerbitzuen bulego berria Muliaten kokatzeko proiektua aurrera doala argitu du arloko zinegotziak. Baina bulegoaren diseinuak piztu duen zalaparta politikoaren aurrean, bulego berri bat baino, eman beharreko zerbitzuei egokitutako bulego bati lehentasuna eman diotela argitu du. Hau da, bulegoa egin eta ondoren zerbitzuak antolatu beharrean, udal arlo honek eskaini behar dituen zerbitzuak ondo aztertu nahi izan dituzte aurretik. «Uste dugu askoz ere garrantzitsuagoa dela Gizarte Zerbitzuak barrutik aldatzea, eta ofizinaz aldatu, proiektua eta zerbitzuak ongi zehaztuak ditugunean», azaldu du Josu Peñak.
Izan ere, gobernuan sartu eta Gizarte Zerbitzuen departamenduak gabezi handiak zituela ohartu zirela aitortu digu. «Kriston lantaldea dago, baina kontua da 2008ko lege bat apenas betetzen dugula, edo kontratu hutsen bitartez bermatzen ditugula etxez-etxeko zerbitzuak eta beste zenbaitzuk», dio eman beharreko beste batzuk antolatu gabe daudela gaineratuz, «Eguneko Arreta Unitate bat ez dago herrian, Dependentzia Legearen oinarrizko zerbitzua izanik, edo babesgabetasun egoeran dauden adin txikikoak babesteko zerbitzua».
Horregatik ere, beharren azterketa proiektua mahaigainean daukatenean, eta bulego berriak suposatuko duen «koste erreala» jakingo dutenean, kreditu aldaketara eramango dutela iragarri du bulego berria atontzeko diru partida. Eta azaldu duenez, bien bitartean, aurreikusitako diru hori herriak zituen beste behar batzuetara bideratu ahal izan dute.
Dena dela, Muliateko bulego berria eskuragarriago jarriko ditu Gizarte Zerbitzuak hondarribitarrentzat. Hortaz, herritarrei gizarte zerbitzuetara laguntza eske «naturaltasunez hurbiltzeko eta lotsa galtzeko» deia luzatu die udal ordezkariak. Hondarribia Gipuzkoako udalerrien artean renta per capita handienetakoa da eta «ikusezina dirudien errealitatea» izanik ere, arrazoi desberdinengatik denok behar dezakegulako noizpait laguntza bat edo beste. «Aurten aurreikusitako laguntza sozial guztiak banatu egin ditugu, eta Gizarte Zerbitzuek dute udaleko aurrekontu handienetakoa», gogoratzen du.
Premia dagoenean, laguntza eskatzeko deia
Izan ere, laguntzen premia duten hondarribitarrak badira. Bereziki etxebizitza lortzeko arazoetan murgilduta. «Kezkatzen gaituen gauza da, Emergentziazko Laguntza asko bideratzen ari garela, alokairu kontratua bukatuta etxerik gabe geratzen ari diren pertsona edo familiei, beste etxe bat topatzerako garaian aurrekoa baino 300 edo 400 euro garestiagoa dela ikusi eta laguntza horrekin ere ez zaie heltzen alokairua pagatzeko. Eta tamalez, beste herri batera joan behar dira hemen bizitza guztia daukatenean», esplikatu du Peñak.
Nolanahi ere, Gizarte Zerbitzuak eskubide bat direla, eta herritarrek laguntza eskatzeko lotsa galdu beharra dutela aldarrikatzen du. «Gizarte Zerbitzuak ez dira karidade bat, ez da asistentzialismo hutsa, eskubide bat baizik. Eta Muliaten eskura jartzearekin batera, pertsonen ongizatea da lortu behar duguna», azpimarratu du, «guztiok edozein kasuistikarengatik beharko dugu laguntza, bizitza egun batetik bestera aldatzen ahal da», ohartarazten du udal ordezkariak. Eta hala izanez gero, udala laguntzeko prest dagoela dio.
Zentzu honetan, diru-iturri apalak eduki ala ez, Gizarte Zerbitzuak denen eskura daudela gogoratu du: «Zailtasunak ez du zerikusirik norberak dituen diru-iturriekin. Etxez-etxeko Laguntza zerbitzuak, adibidez, prezio publikoak ditu eta gaitasun ekonomikoaren arabera ordaintzen dira. Baina gero Emergentziazko Laguntzak eta Laguntza Bereziak daude, eta hor bai kontuan hartzen da».