IKERKETA

Etxebizitza turistikoak Hondarribian: batzuen irabaziak, besteen miseria

Koldo Nausia 2024ko api. 12a, 13:09

VT jarduera ekonomikoaren figurak ez du apartamendu turistikoen loraldia gelditu Hondarribian, ofizialdu baizik. Gaur Hondarribian urte osoa alokatzeko 6 bizitoki daude aukeran 1.050€/1.300€ artean. Aldiz, Eusko Jaurlaritzaren erregistro ofizialen arabera, 164 VT (Etxebizitza Turistiko) ofizial daude alta emanak. Bien bitartean, Udalak kezka adierazi du Emergentziazko Laguntza eskaera asko, herrian jarraitu nahi eta, alokairua pagatu ezinik dabiltzanenak direlako.

Etxebizitzaren arazoa areagotzen ari da Hondarribian. Azken urteotan euskal kostalde osoan emandako turistifikazio eta bizitokien garestitzeak eragin zuzena izan du salmenta prezioetan ez ezik, alokairuan ere. Eskaintza urria eta garestia da. INEk 2021ean egindako inkesta baten arabera, Hondarribia zen udalerriaren tamainaren eta eskaintzaren arabera, proportzioan EAEn apartamendu turistikoetara etxebizitza gehien bideratzen zuen herria. Orotara 201 etxebizitza eta 920tik gora ohe-eskaintza zuen orduan, eta bizitoki guztien %2,7a suposatzen zuen ofizialki, Gipuzkoako batezbestekoa %0,7koa zenean.

Denbora pasa eta VT figura sortu denetik sektorea ofizialtzen joan da, jarduera ekonomiko horren inpostuak ordainduz. Antxeta Irratiak bildutako datuen arabera, Eusko Jaurlaritzaren VT (etxebizitza turistikoen) erregistro ofizialean 164 etxebizitza zeuden 2023ko abenduaren 31n ofizialki sektorean alta emanda, Alde Zaharra (50 VT), Portua auzoa (49) eta Akartegin (48). Gainerakoak, Jaitzubian 8 VT daude martxan, Zimizarga auzoan beste 6, eta bana Amute-Kosta, Puntalea eta Gornutz auzoetan. Irun osoan, aldiz, 25 dira VT gisa alta emanak diren etxebizitzak. 

Aldiz, plataforma turistiko nagusietan partikularrek egiten dituzten bestelako eskaintzak bilatuz gero, ez legeztatuak, VTz beste diren 61 apartamendu libre daude gaur opor garaietarako alokairu eskaintza osatzen dutenak. Beraz, gutxienez 225 lirateke horretara herrian bideratutako bizitokiak une honetan. Bien bitartean, herrian urte osoan bizi nahi duenarentzat alokairu eskaintza higiezinen plataforma garrantzitsuenetan bilatuz gero, 6 besterik ez dira herrian gaur. Merkeena 1.050 eurotan (halako bi), beste bi 1.100 eurotan, eta 1.200 zein 1.300 euroko eskaintza bana besterik ez. Gainerakoak udako sasoi zein opor garaietarako «luxuzko» eskaintzak dira 2.000 eta 3.000 euro artekoak.

Etxebizitzen larrialdi soziala

Merkatuak agintzen duen errealitate honen aurrean, Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan ere kezka adierazi dute. Izan ere, laguntza sozial gehienak dagoeneko, herrian bizitzen jarraitu ahal izateko alokairurako laguntzak bilakatu direla aitortu digu Josu Peñak, Gizarte Kohesiorako zinegotziak. Hondarribitar asko dira etxebizitza lortzeko arazoetan murgilduta daudenak. «Kezkatzen gaituen gauza da, Emergentziazko Laguntza asko bideratzen ari garela, alokairu kontratua bukatuta etxerik gabe geratzen ari diren pertsona edo familientzat, beste etxe bat topatzerako garaian aurrekoa baino 300 edo 400 euro garestiagoa dela ikusi, eta laguntza horrekin ere ez zaie heltzen alokairua pagatzeko. Eta tamalez, beste herri batera joan behar dira hemen bizitza guztia daukatenean», esplikatu du Peñak.

Hondarribiko Udal Gobernuak etxebizitza turistikoen fenomenoari neurri hartzeko asmoa azaldu du. Kontuan hartu behar baita ere, VT eta balizko apartamendu turistikoez gain, auzo turistikoenetan %20-25 ingurukoa dela bigarren etxebizitza Hondarribian. Eta beraz, urtearen parte handi bat hutsik egonagatik ere, urte osorako alokairu eskaintza murrizten dutenak. Merkatua are gehiago garestituz. Era berean, dagoeneko hainbat dira etxebizitza jabego pribatuak ere, euren eraikinetan VT jarduera ekonomiko berriak instalatzeko debekua ezartzearen alde eztabaidatzen hasi direnak.