Argaltasunaren diktaduratik askatzeko, gorputz aniztasunaz jardungo da ElikaEskola asteazkenean Kultur Etxean

Antxeta Irratia 2024ko api. 16a, 13:53

Elikadura nahasmendu arazoek gora egin dute nabarmen, bereziki gazteen artean, eta orain arte ez bezala mutiletan ere, «lortu ezinezkoa den edertasun canonak» bete nahian. ElikaEskolak Hondarribiko Udalarekin azarotik antolatutako saioetan jende andana bat bildu da egoerarekin kezkatuta, eta euren elikadura ongi bideratuz, osasun fisiko eta mentala hobetu nahian. Asteazkenean 18:30ean Kultur Etxean da ondorengo saioa. 

Hondarribiko Udaleko Gazteria, Hezkuntza eta Prebentzio Komunitarioko Departamendutik abiatuta, ElikaEskolako profesionalek elikadura osasuntsuan hezitzeko helburuarekin antolatu duten zikloak arrakasta lortu du. “Gorputz aniztasunaren onarpena eta osasun fisiko eta mentala bermatzeko programa” azaroan hasi zenetik, hilero jende andana hurbiltzen da Alde Zaharreko Kultur Etxean antolatzen duten saiora. Ekainean amaitu bitartean, oraindik ere lau hitzaldi emango dituzte. Eta ondorengo hitzaldi-tailerra, apirilaren 17 honetan izango da, 18:30ean "Gorputz aniztasuna eta osasuna" lemapean.

Jone Larrañaga eta Garazi Lizarraga, ElikaEskolako nutrizionistekin bildu gara horren aurretik. Eta iragarri digutenez, edertasunaren egungo argaltasun canonak agintzen duen gizarte batean bizitzeak dakartzan arazoetaz hausnartuko dute. «Emakumeetan argaltasuna da ongi ikusia, eta gizonetan gorputz argal eta gihartsuak, baina gorputz aniztasuna errealitate bat da gure gizartean, eta norberea onartzen ikasi beharra du», azpimarratzen dute. Izan ere, azken urteotan «inoiz lortuko ez duten canon hori bete nahian» elikadura nahasmendu larriek gora egin dute nabarmen.

Aitortu digutenez,  «geroz eta gazteagoak dira arazoak dituztenak, eta elikadura nahasmendu horiek emakumeengan ikustea normalizatutzat emana bagenuen, orain artean ez bezala mutil gazteetan ere kasuak ikusten hasi gara maiz».

Hondarribiko Udalak haiengana jo zuen arazo bat dagoela identifikatuta. Iaz Ama Guadalupekoa ikastetxean hasi zuten ElikaEskolakoek elikadura heziketa programa publiko zabalari proposatzen, eta orain herritar orori zuzendutako saio hauekin «Gertatzen ari dena sozializatzeko» aukera daukatelako pozik daude. Nahiz eta kezkaturik dauden, agintariak bezala, geroz eta paziente gazteagoak jasotzen dituztelako kontsultan ere.

Elikaeskolan argi dute «usteko gorputz osasuntsu baten bila, osasun mentala galtzen dugula» askotan, eta pandemiaren ondoko urteotan areagotu egin dela diote datu ofizialek ere. 2021ean %65 egin zuten gora gazteen artean elikadura nahasmendu kasuak, eta 2022an %70eko langa gainditu du emendaketarekin jarraituz. Basurtoko Ospitaleko psikiatria departamenduak egindako azken azterketek argi gorriak piztu dituztela diote adituek.

Hondarribian herritar orori irekitako saioen zikloak 9 hitzaldi-tailer aurreikusten ditu, eta asteazken honetan seigarrena egingo dute. Hurrengo hitzorduak honakoak izango dira:

  • Maiatzak 15: "Elikadura eta osasun mentala"
  • Ekainak 12: "Dietak eta osasun intestinala"
  • Ekainak 26: "Janariekiko portaera kezkagarria nola hauteman. Zer egin eta zer ez egin?"