Gazte nerabeen telefono mugikorren erabilerari neurria hartu nahian, Tolosan eratutako Altxa Burua mugimenduaren urratsak jarraitzen dituzten taldeen loraldi bat ematen ari da Euskal Herri osoan, herriz-herri. Haatik, denetan guraso inplikatuak daude atzean, euren seme-alaba haur-nerabeen smartphone edo sakeleko mugikorren erabilerarekin kezkaturik. Hondarribian, Gotti Burua Elkartea sortu zuten joan den ikasturte bukaeran, eta Ama Guadalupekoa, Egiluze eta Talaiako guraso elkarteetako indarrak bat eginik, irailaz geroztik hainbat ekimen burutu dituzte guraso, gazte zein irakasleak sentsibilizatzeko.
Saioa Sanchez eta Ainara Garcia elkarteko kideekin hitz egin dugu Antxeta Irratian, eta aitortu digute erronka ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula, baina zerbait egin beharra dagoela adierazten dietela guraso gehienek. «Gure erronka da pixkat atzeratzea mugikorraren sarrera hori, teknologia geratzeko iritsi da, ezin da ukatu eta ez gara horren kontrakoak, baina uste dugu haurrak ez daudela prest, ez dutela heldutasun nahikorik horrelako bonba bat eskuartean edukitzeko», dio Saioak, «ez dute beharrik» gaineratuz.
Harremanen paradigma aldaketa
Leku guztietan ohikoa bilakatu da kalean nerabezaroa ate joka duten haurrak pantaila bati begira ikustea, mundu birtual horretan murgilduta, inguru hurbilean gertatzen ari denaz jabetzeko ere burua altxa ezinik daudela. Eta hori ez da normala elkartearen ustetan: «gaur egun 12 urteko haur batzuk kalera ateratzea smartphone batekin poltsikoan, zer zentzu dauka? Zertarako? Beharrezkoa al dute? Zeren ez dute sakelean, lagunekin geratu dira eta bost eserita daude norbere telefonoari begira. Komunikazioan ere asko galtzen dute, sozialki harremanetarako asko kentzen die, isolatzen ditu», azpimarratzen du Gotti Burua elkarteko Saioa Sanchezek.
Ainara Garciak ere argi du gailu hauek metamorfosi bat ekarri dutela gure arteko komunikazioan. Helduon artean eta familietan ere, eta ez garela denok eredurik egokiena. Baina hori hala izanagatik ere, adin txikikoak babestu behar direla uste du. «Menpekotasun handia sortzen du, eta ikerketak egiten ari dira erabilera horrek duen eraginaz, behar bezala mugatzen ez delako, eta nerabeek ez dakizkitelako zein diren limiteak», dio bere gabezietaz ere konsziente den ama honek, «beharbada gurasoei harrapatu gaitu prestakuntzarik gabe», argitzen digu Ainarak, «gu jaio ginen teknologia hau gabe, eta haurrek azkarrago ikasten dute, baina askotan ez gara gai teknologia doan bezain azkar egokitzeko».
Kezka horretatik abiatuta, elkartea eratu bezain pronto, herriko gurasoen artean inkesta bat egin zuten seme-alabek smartphone bat ote zuten jakiteko, zein motatakoa eta zein erabilera egiten zuten zehazteko. Eta inkestan bertan Hondarribiko guraso gehienek mugikorra haurren esku jartzea urtebete atzeratzeko prest azaldu baziren ere, «hemen egia da ohitura dagoela institutora igotzean mugikorra ematea 1. DBHko kurtsoa hasi aurretik», aitortzen dute elkarteko kideek. 12 urterekin hasten dira beraz, batezbestean gailu hauek manejatzen. Aldiz Gotti Buruan argi dute: «herri txikia da, eta horrelako adineko haurrek ez dute mugikorrik behar kalera ateratzeko».
Gotti Burua pegatina
Gauzak aldatu nahian, proaktiboak izan dira, eta aurten Gotti Burua pegatina berdeen kanpainari ekin diote herriko komertzio eta establezimenduetan, herriko haurrek bertatik gurasoei dei diezaieketela adierazteko. Ekimenak Tolosan ondo funtzionatu zuenez, Hondarribian ere martxan jarri dute. «Helburua da haurrak lasaitasuna eduki dezala, eta pegatina berde hori topatzen duen lekuan, momentu batean beharra izanez gero etxera deitzeko, jakin dezala komertzioan sartu eta telefono bat utziko dietela», azpimarratzen du Saioa Sanchezek.
Gurasoak ere lasaitzen dituela pentsatzen dute, eta elkartearen helburuetan lagundu dezakeela. «Guraso askok mugikorra ematen diete, zerbait gertatuz gero, behar izango dutelakoan. Baina herri txiki bat da, eta ez bada komertzio batean, beti badago norbait laguntzeko prest», argudiatzen du.
Formakuntza eta arautzea
Arazoa kolektiboa izanik, ikasleentzat eta gurasoentzat formakuntzak proposatzen hasi dira, eta herriko hiru ikastetxeetako zuzendaritzekin ez ezik, Hondarribiko Udalarekin ere jorratzen ari dira gaia. Maiatzaren 24ean, adibidez, Telmo Lazkano eta Miren Rosen Altxa Burua elkarteko ordezkarien hitzaldia izango da udalarekin batera antolatuta. Eta Gotti Buruatik ere, DBHko ikasleei hezkuntza zentroetan konzientzia har dezaten, eta LH6ko ikasleen gurasoei zuzendutako saio informatiboak eskainiko dituzte, era berean, ikasturte bukaera honetan ere. Hurrengo kurtsoari begira, DBHra jauzia emango dutenen gurasoek hausnartu dezaten.
Aipatu digutenez, eskoletan «abstinentzia sindromea» detektatzen hasi dira, eta haur-gazte-nerabe hauen «heldutasun kognitibo» eskaxaren ondorioz, haien harreman sozialetan ere eragin nabarmena du smartphone batek dakartzan mundu digitala eta errealitatearen arteko mugarri horretan dabiltzan gazteak. Eta mugikorrik ez duenak, aldi berean, benetan laguntaldetik isolatua geratuko direlakoaren beldur daudenez, onartzen dute guraso askok mugikorra ematea haien borondatearen kontra.
Eskolaz kanpoko jatorria duen arazoa bada ere, eskolan eragiten duen errealitatea dela ohartu dira hezkuntza zentroetan. Eta Hondarribian ez ezik, Bidasoaldeko eskola eta guraso elkarte guztietan eztabaida pil-pilean dago. Aldiz, agintarien partetik oraindik asko dago arautzeko irakasleen ustetan. Horren irudiko, inguruko autonomi erkidegoetan smartphone gailuak eskolara eramatea debekatuta dagoen bitartean, Eusko Jaurlaritzak debekua ukatu egin diela hezkuntza zentroei. Gaur egun eskolan dauden bitartean «erabiltzea» debekatu dezakete, baina EAE da telefonoa eskolara «eramatea» debekatzen ez duen bakarra. Eta jakina, halakoetan arauak apurtzeko dauden heinean, honek arazoak suertatzen ditu maiz.