Urak handi dire Hondarribian euskaraz hitz egin nahi duenarentzat. Herritarren %72a euskalduna bada ere, euskararen erabilera apaltzen joan da azken urteetan. Hainbeste, Garoa Lekuona Euskara Saileko zinegotziak argi duela diagnostikoa: «Euskara gure herrian zainketa intentsiboetan dago. Erdara nagusi duen herria da Hondarribia». Izan ere, paperak dena eusten du. Baina orain artean herrian garatutako hizkuntza politikek ez dituzte inertziak aldatu ahal izan euskararen faboretan.
Zalantzak argitzeko, Soziolinguistika Klusterrak herrian egindako kale-entzuketen emaitzak daude. Datuen arabera, 2016ean kaleko elkarrizketen %24a euskaraz egiten zen bitartean, 2021ean %16,3koa zen, gaztelera nagusituz, eta frantsesa %6a inguru suposatzen duen bitartean. «Hurrengo inkestan beste 8 puntu apalduko al da? 10etik elkarrizketa bat ere ez al da euskaraz egingo Hondarribian? Egoera errotik aldatzeko zerbait berria egin behar da», adierazi du udal ordezkariak. Eta helburu horretan, herritar eta eragile guztiak inplikatu nahi dituen Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoa ondu eta onartu berri dute azken udalbatzan.
Haatik, lanean ari ziren aurretik. Blagan euskara elkartea bidelagun, Hausnarkarketa Batzorde bat sortu eta hirutan bildu zen azaroa eta urtarrila artean, aldiro 15-18 lagunek parte hartuz. Eta haiek proposatu eta haiekin adostutako Ekintza Plana osatu dute, erronka honen bide-orria bilakatuko dena. Izan ere, «orain maratoi bat hasten dugu, eta lanketa handia egin beharko dugu» aitortu du Lekuonak. Baina «askoren kezka eta egoerari buelta emateko itxaropena» ere igarri du aipatutako bileratan.
44 ekintza eta 5 lerroburu nagusi
Bide-orriari dagokionez, bost ardatz nagusi izango ditu. Aipatutako gobernantza da aurreneko lerroburua. Eta udalak banatzen dituen dirulaguntzetan euskara irizpidea txertatzea aurreikusten dute, aisialdi, kirol, merkataritza zein ostalaritza eta kultur ekimenetan. Euskararen normalizazio horretan, eragileekin harreman zuzenean ariko direla iragarri du zinegotziak.
Bestalde, motibazioa izango da sustatu beharreko bigarren ardatza. Euskarak prestigio gehiago ukan dezan herrian, eta euskararen aldeko konzientzia sortzeko. Lanketa honetan eusle lanak egiten duten eta euskaraz bizi nahi duten hiztunak ahalduntzeko neurriak proposatuko dituzte.
Aldiz, euskararen transmisioan eragile bakoitzak dituen gaitasunak aintzat hartuta, euskara ikasteko aukerak indartzea aurreikusten dute, sektoreka eta eragile bakoitzak eduki ditzazkeen beharretara egokituta, izan merkatari, izan kirol entrenatzaile eta bestelakoak. Kasu honetan, UEMAren laguntza izango dute, herriko paisaia linguistikoa euskalduntzeko ahaleginetan eragile bakoitzak behar duen laguntza pertsonalizatua eskaini ahal izateko.
Tokiko euskal hedabideak ere aintzat hartuko dituen komunikazioaren ardatza landu nahi dute, plana garatzerako garaian herritarrak informatu eta plana gizarteratzeko kate-begi diren heinean. Baina plangintzatu dituzten 44 ekintza zehatzetatik 17 erabilerari lotutako ardatzari lotuak daude. Euskaraz bizi ahal izateko guneak indartu eta berriak sortu nahi dituzte herrian.
Hau guztia, aipatutako lau lantaldetan hausnartu, adostu eta egikaritu nahi dute modu parte hartzailean. Komunikabideak, Herritarrak, Merkataritza/Ostalaritza/Enpresa eragileak eta Hezkuntza Komunitatea barnebilduko dituzten lau lantalde. Garoa Lekuonak argitu duenez, ikasturte honetan zehar bereziki hezkuntza komunitatearekin aritu dira elkarlanean. «Beraiek izan dira kezka adierazi dutenak», dio. Honek ez ditu udal agintariak ustekabean harrapatu. Aipatutako Soziolinguistika Klusterraren azterketen arabera, gazte-nerabeak baitira herrian euskara gutxien erabiltzen dutenak, %10era ere ez da heltzen.
Hurrengo urratsa ostalariekin emango dute. «Uda honetarako somatu nahi dugu aldaketa bat paisaia lingusitikoari dagokionez herrian», iragarri du Euskara zinegotziak. Dena dela, lantalde sektorialetatik haratago, maiatzeko azken astean Euskara Mahaiaren lehendabiziko bilera egin nahi dute. Eta hor parte hartzera deituak dira ikastetxe, euskara elkarte, kirol talde, merkatari, ostalari, enpresa eta nahi bezain beste herri eragile.