Hondarribiko '10K' herri-lasterketa maiatzaren 5ean ospatuko da

Antxeta Irratia 2024ko api. 19a, 12:42

Ibilbide homologatua du Bidasoa Ateltiko Taldeak, Deportes Gonzalez dendak eta Hondarribiko Udalak antolatutako lasterketak. Ibilbide laua eta oztoporik gabekoa denez, hirugarren edizio honetan marka egiteko helburuarekin mailako jendea etorriko dela iragarri dute antolatzaileek. Izena emateko epea zabalik dago www.kirolprobak.com webgunean. 

Lasterketaren aurkezpena egin dute gaur Hondarribiko udaletxean. Lupe Queiruga Kiroletako zinegotziak Udalak kirol frogak babesteko duen konpromisoa berretsi du. «bizitza osasungarri baten alde ekintza garrantzitsuak dira, urrats bat gehiago». Lasterketa 10:00etan hasiko da Minatera kaletik eta Portua auzotik barrena aireportuko errepidetik Amutera joango da, han Kosta kaletik itzultzeko, eta zuzenean Santa Engrazitik Sabin Arana kalera, Kai Berriraino joan eta bueltan espigoian amaitzeko. «Ibilbide laua eta oso azkarra da, inolako gorabeherarik gabekoa», azpimarratu du Mikel Leal antolatzaile taldeko ordezkariak. Zentzu honetan, BAT taldeko Ibon Muñozek gogoratu du 10K ibilbide homologatua dela, eta beraz, marka egiteko asmoa duten herri-lasterkari askorentzat aukera paregabea. «Mailako jendea etorriko da eta ikuskizuna ziurtatuta dago. Halere, ez dugu ahaztu behar lasterketa popularra dela eta denei irekita dagoela, ez bakarrik oso azkar datozenei», argitu dute antolatzaileek. Izan ere, gozatu eta bizimodu osasuntsua sustatzen jarraitzeko helburua du herri-lasterketa honek. 

Esan bezala, izen-emate epea irekita dago www.kirolprobak.com gunean.