Datorren asteartean, apirilak 23an ospatzen den Liburuaren Eguna dela eta, Mundua Pitzatuta baina hantxe gabiltza oinez antzezlana eskainiko dute euskaraz, Itsas Etxeko auditoriumean. Ttanttaka Teatroaren eskutik, 18:30etan izango da emanaldia, eta irakurtzeko ohitura duten 40 lagunek, dohainik sarrera bikoitza eskura dezakete. Izan ere, Hondarribiko Udaleko Kultura Sailatik ospakizun honi keinu bat eginez, 40 gonbidapen bikoitz banatuko ditu Udal Liburutegian hauek amaitu arte. Horretarako, Kale Nagusiko Zuloaga Etxean kokatuta dagoen gure udal liburutegira joan eta liburu bat maileguan hartu besterik ez da egin behar.
Harkaitz Cano idazlearen liburuan oinarritutako Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez ikuskizunak pozez betetzen gaituen espazio boteretsu gisa aldarrikatzen du liburutegia, begirada zabaltzen, elkar ezagutzen eta hobeto bizitzen laguntzen digun espazio bezala.
Kontakizuna alabarekin nola komunikatu ez dakien aita baten istorioan oinarrituta dago. Honek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur esateko. Eta hegazkinetan idatzitako mezuen bidez, aitak literatura-misioak jartzen dizkio alabari, liburuzain zorrotz baten konplizitatearekin argitu ditzan. Horrela, neskatoak liburuen eta bizitzaren arteko lotura ezagutu, eta urte asko geroago, orain idazlea den alaba, liburutegira itzuliko da bere lehenengo liburuan jaso duen iniziazio esperientzia hori kontatzeko.