Ostegunean hasiko dira San Nikolas zubi berria instalatzen

Antxeta Irratia 2024ko api. 24a, 10:31

Zutabe nagusiek pisua eutsiko dutela segurtatzeko azterketa teknikoak egin eta gero, zubi berria osatuko duten hiru zatiak instalatzeko lanaka hasiko dituzte ostegunean. Segurtasun arrazoiak direla eta, trafikoa eten egingo dute Harresilanda kalean, eta nahitaez Tximista kaletik eta Mendebaleko sahiesbidetik desbideratuko dute zirkulazioa. 

 

Duela bi aste Zezen plaza eta Alde Zaharra lotzen dituen San Nikolas zubia aldatzeko lanak hasi zituztenean Hondarribiko Udalak iragarri zuen bezala, apirila bukaera honetan jarriko dituzte zubi berria. Apirilaren 10ean kendu zuten zubi zaharra erdoilak jota eta egurrezko elementuak usteldura zantzu nabarmenak zituelako. 2018az geroztik atzeratutako proiektua behin abian jarrita, zubi berria aurki instalatuko dute. Estitxu Urtizberea, Hirigintza arloko udal ordezkariak Antxeta Irratian azaldu zuenez, zubiaren zati berriak prest zeuden dagoeneko. Hiru zati nagusitan instalatuko dute. Baina aldatu ez diren zutabeek pisua eutsiko dutela segurtatu behar zuten lehenik. Azken egunotan lan horietan aritu dira teknikariak. Eta ostegun honetan hasiko dira zubi berria jartzen. 

Udalak jakinarazi duenez, garabi eta andamioak ere ezarri dituzte lan hauek burutu ahal izateko. Eta horren ondorioz, Harresilanda kalea itxita egongo da egun osoan zehar ostegunean bertan, eta nahitaez Tximista kaletik eta Mendebaleko sahiesbidetik desbideratuko dute zirkulazioa.