Kote gebara

«Lana zigor biblikoa bada ere, zoriontsua izan naiz 38 urteotan. Nire herriari kulturatik ekarpen bat egiten saiatu naiz»

Koldo Nausia 2024ko api. 24a, 17:17

Hondarribiko Udal Liburutegia eraikin historiko batean kokatuta dago. Zuloaga Etxea. Baina Kote Gebararen izenak eta izanak gorpuztu du herriko liburutegiaren ibilbidea, eta berak idatz zezakeen udal liburutegi honen historiaren kontakizuna. 38 urte eman ditu bere herrian liburuzain, Itsas Etxean gela huts batetik hasteko erronka onartu zuenetik, egungo liburutegi modernoa utzi eta erretiroa hartu duen artean.

30 metro koadrotan hasi zen Hondarribiko Udala liburutegi zerbitzua eskaintzen. 1987 urtea zen, eta hasieratik liburutegia Zuloaga Etxean antolatzeko asmoa bazegoen ere, eraikina babestua zegoenez, Itsas Etxeko behekaldean zegoen gela batean egokitu behar izan zuten herriko lehendabiziko udal liburutegia. Kote Gebarak hor hasi zuen bere liburuzain ibilbide luzea herrian. 38 urte eman ditu lan horretan, liburuen artetik erretiroa hartu berri duen artean. «Lehenengo egunean hango giltza eman zidaten, eta han ez zegoen ezer, hutsetik hasi behar izandu ginen», gogoratzen du, «arotza batengana joan ginen, eta hark egin zituen aulkiak, mahaiak eta apalak ere». Gaur egun Hondarribiko Udal Liburutegiak 60.000 bat ale biltzen dituen bitartean, hutsetik hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dohaintzan emandako 1.000 liburu inguru katalogatu, fitxak egin eta apal haietan kokatzea izan zuen aurreneko lana. Gebarak dioenez, «garai hartan ez zegoen ordenagailurik, eta dena eskuz egiten genuen. Ematen du XIX. mendeaz ari garela, baina niretzat oso oroimen politak dire, ilusio handiko garaiak ziren».

Ordurarte ez zen liburutegirik izan herrian. Nahiz eta errepublika garaian herri-liburutegiak (bibliotecas populares) zeudela gogoratzen duen, Hondarribian behar bezala garatu ez zen proiektua. Eta herrikoek ezagutu zuten liburutegi bakarra, berez, Itsas Etxean bertan zegoen Instituto Social de la Marinak ikasteko eskaintzen zuen gela bat ere gogoratzen du, baina «ez zen apenas erabiltzen, giltza eskatu behar zen eta ikasteko txoko bezala erabiltzen zen bakarrik».

Horrela, udal liburutegiak ateak zabaldu zituenean dena berria zen. Eta liburuzainak dioenez, «ez zegoen herrian Europan bezalako tradiziorik, eta  jendeak pentsatzen zuen debereak egiteko zela». Eusko Jaurlaritzak ere ez zuen liburutegien zerbitzua antolatua oraindik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin moldatzen zen Udala.

Lehenbiziko bost urteei bakarrik egin zien aurre zerbitzua martxan jartzeko. «Hasieratikan erronka zoragarria izan zen», dio. Eta hori ikasketa-gela, mailegu zerbitzua, hemeroteka… dena 30 metro koadrotan eskaintzen zutela. Formakuntza ere hartu behar izan zuen Gasteizen. Historia ikasketak eginak zituen, eta betidanik ikerketa historikoa gustokoa izan du. Alde Zaharrean lanean historiaz inguraturik ibili delako beti eskertua dago Gebara, baita liburutegian kokatua zegoen Udal Artxiboan laguntza eskainiz bere herriko historiarekin harreman zuzena izateko parada gozatu duelako. Baina liburuzain lanetan, hastapenetik buru, egunez-egun ikasi duela gogoratzen du. «Bizitzan formakuntza etengabea behar da beti, astero ikasi behar dugu zerbait eta eguneratu, eta hala egin dut. Hasierako garai haietan, aldiz, Gipuzkoako liburuzainen artean konplizidade handia genuenez elkar laguntzen genuen, eta horrela egin dugu aurrera, oztopoak gaindituz», argitzen du Gebarak.  

Zuloaga Etxera jauzia

Ondoren, Izaskun Muguruza batu zitzaion Kote Gebarari, eta gaur egun lantalde handi batek kudeatzen du Zuloaga Etxeko liburutegi baino, kultur etxe bilakatu dena. 1992an ateak zabaldu zituen Zuloaga Etxeak. «Garai haietan ere proiektua ibilian definitzen joan zen, ez zegoen oso argi zer zen kultur etxe bat», aitortzen du, «baina espazio berriak gauza asko egiteko aukera eman zuen». Haur eta gazte liburutegia, helduen gela, hitzaldi edo bilera gela ere bazuen. Eta teknologia aldetikan ere garatzen joan ziren gauzak. Dioenez, Hondarribiko udaletxean garai hartan Ogasun arloak besterik ez zuen ordenagailua, baina Zuloaga Etxera iritsi eta denbora gutxira, «jauzi kualitatiboa» eman zela azpimarratzen du. Eguneroko lanean ez ezik, internetaren sarrerarekin Euskadiko Liburutegien Sarea eratu zen, eta liburuen fitxak eta kudeaketa ere azkartu zen.   

Liburutegiko erabiltzaileei dagokienez ere, profila aldatzen joan da Kote Gebara lekuko izan duen ia lau hamarkada hauetan. «Hasieran debereak egiteko erabiltzen zuten askok liburutegia. Entziklopediak, hiztegiak eta horrelakoak kontsultatzeko, baina liburu-mailegua eta irakurzaletasuna bultzatzea izan da beti gure helburu nagusia» aldarrikatzen du. Eta Zuloaga Etxean ipuin kontariak, literatur tailerrak eta jarduera programa desberdinak antolatzen joan dira urteen poderioz.

Liburu eskaintzari dagokionez, garbiketa sakon bat egin beharra dagoela uste du udal liburutegian, «zaharrak, deskatalogatuak eta puskatuak daudenak alboratu eta berriak aukeratzea lan izugarria» dela aitortuta. «Lekua bete eta hautsa bildu besterik ez dute egiten», dio, eta digitalizazio prozesu osoa bizitu badu ere, paperezko liburua sekulan desagertuko ez dela uste du. «E-booka agertu zenean, zerbitzuan iraultza ekarriko zuela eta 5 urtera papera desagertuko zela esaten zuten. Hasieran arrakasta txiki bat izan zuen, baina jendea paperera bueltatu da, erromantizismoa ala paperaren usaia dela diote askok, ez dut uste, baina eskuartean eduki nahi du jendeak». Internetak, aldiz, entziklopediak eta hiztegiak desagertarazi ditu. Sobera leku okupatzen zutenak.  

Zentzu horretan, hasierako urratsak mila libururekin egin bazuten, gaur egun eskaintza aberatsa dagoela pentsatzen du, 60.000 ale horiekin. «Zortea izan dugu, zeren Udala beti egon da prest liburuak erosteko. Xuhurragoak izan dira langile eta beste baliabide batzuetarako, baina horretan ez da arazorik izan. Dirua beti egon da liburuak erosteko», nabarmentzen du.

Gaur egungo Zuloaga Etxea punta-puntako instalazioa bilakatu da gainera. Jostaldi-Biteriko prefabrikatuetan denboraldi batez zerbitzua egokitu behar izan zuten ere, eta traslado berri bat kudeatu gero, azken zaharberritzea egin eta Zuloaga Etxe berritura itzultzeko. 2017an izan zen hura. Baina horri esker, liburutegiak herrian «erreferentzialtasuna» irabazi duelakoan dago.

Liburutegiaren funtzio soziala

Orduz geroztik, aldiz, kudeaketa izan da bere lan nagusia joan den abenduan jubilazioa hartu duen arte. «Neri asko gustatzen zait mostradorea, zeren hor hartzen diozu liburutegiari neurria, belaunaldi desberdinak ezagutu ditut herrian. Eta harremanak, bistaz ala estuago dituzu, eta bihurtzen zara ezaguna herrian, kaletik denek agurtzen didate», dio. Hori ere, aldatzen joan dela onartzen du halere: «Hondarribia herri txikia zen eta denok elkar ezagutzen genuen, baina gaur egunean hori galtzen ari da pixkanaka». Dena dela, 38 urteotan herriko belaunaldi desberdinak ikusi ditu liburutegitik pasatzen. Eta aitortzen duenez, garaiko haur literatura eskatzen zuten umeak ziren haiek, geroago ikastera zetozen, eta gaur egun artxibategian ere ikertzaile lanetan topatu ditu.

Argi du ere, liburutegia kulturgune bat baino gehiago izan dela beti, eta izaten jarraituko duela. «Bakardade asko dago, indibidualismo handia. Eta pandemiarekin konturatu ginen sozializazioan oso funtzio garrantzitsua duela», azaltzen digu. Liburu bat bilatzeko edo literatur tailer batean parte hartzeko aitzakiarekin, jende askorentzat topagune baita. Zentzu honetan, udal liburutegiak gaur egunean hutsune hori betetzen duela uste du.

Liburuen arteko lana amaitu du Kote Gebarak. Eta liburuzain honen etxean liburu gutxi daudela argitu digu. «Edizio bereziak ez badira zertarako gorde? Liburu bat ez da apal batean egoteko sortua. Nahiago dut partekatu, eman, irakurria izan dadin», dio. Berak ere irakurtzen jarraituko duela zalantzarik ez dago, baina erretiroa gustora hartu duela aitortu digu, Hondarribiko liburuzain izateko aukeraz, zinez eskertua badago ere. «Lana zigor biblikoa dela ulertzen dut, baina nik oso ondo pasa dut, pozik nago egindako ibilbidearekin. Kulturan lan egiteak inplikazio bat eskatzen du, ez dira bulegoko zortzi lanordu eta kitto. Baina izan dut aukera nire herrian lan egiteko, ekarpen bat egiten saiatu naiz… ez dakit lortu dudan».

Iragarri digunez, aldiz, ikerketa historikoa maite duenez eta orain denbora gehiago. Aurki izango dugu haren berri, bere herri kuttunaren historiaz irakurketa proposamen berriekin.