Biharko Hondarribia-Amaiur senidetze ekitaldia, Bidasoa-Baztan arteko harremanak sendotzeko mugarria izango da

Koldo Nausia 2024ko api. 26a, 15:09

Larunbateko ekitaldia prestatzen ari zirela hurbildu gara Hondarribira, bihar Amaiur eta Baztango agintariei harrera egin eta senidetzea ospatuko baitute udaletxean. Baina herriak dituen nafar sustraiak aldarrikatzeko deia egin diete hondarribitarrei ere, 12:30ean Arma Plazan, ezpata dantza, txistulari eta herri bietako 130 abesbatzakide bilduko baitira. Ortzi Alonso zinegotziak dioenez, «senidetzea ez delako helmuga, zerbaiten abiapuntu baizik».

Apirilaren 27 honetan Hondarribia eta Amaiurgo herriak ofizialki senidetuko dira. «Sinbolikoa da, eta ez zen gure helburua. Senidetzea Bidasoa-Baztan arteko harremanak sendotzeko abiapuntu bat izan dadin baizik», argitu du Ortzi Alonsok, Hondarribiko Kultura eta Herri Nortasunerako hautetsiak. Izan ere, Hondarribiak nafar erresuma izateari utzi ziola 500 urte betetzen dira aurten. Eta Hondarribiko Udalak herriak dituen nafar sustraiak aldarrikatu nahian “Azken Gaztelua, Azken Portua” ekimena martxan jarri du. Historialarien eskutik bi hitzaldi eta maiatzaren 12a arte historia zati horren irudikoa den erakusketa bisita daiteke Arma Plazan.

Larunbata hontako eguna, aldiz, berezia eta hunkigarria izango dela iragarri du Alonsok. Nafar Erresumaren “Azken Gaztelua”, Amaiur. Eta azken portua izan zena, Hondarribiko herriaren arteko mugarri garrantzitsu bat jarriko baita. Ekitaldiaren bukaeran, hain justu, bi harri prestatu dituzte herri bietako agintariek sinbolikoki elkar trukatzeko.

Herri-ekimena eta instituzionala

Ekitaldiak bi atal izango ditu. Ofiziala batetik, Udal Areto Nagusian 12:00etan ospatuko dena. Udaletxean harrera instituzionala egingo dute eta han bilduko dira Hondarribia, Amaiur eta Baztango alkateak.

Areto berean atzo, senidetzeko erabakia onartu egin zuen udalbatzak. Abotsanitz, EAJ eta EH Bildu alde bozkatu zuten bitartean, PSE-EEk abtentzioa eman zuen. Noemi Odriozola zinegotzi sozialistak argitu du ez daukatela deus senidetzearen kontra, baina «iruditzen zaigu ez daukala ikuspegi historiko osoa. Gure taldeko historialari batekin kontrastatu dugu eta zehaztapen eza nabaritu dugu». Nolanahi ere, udalbatzan onartu egin zuten bi herrien arteko senidetzea. Eta larunbatean, 500 urte beranduago, berriz elkar begiratu, elkar topo egingo dute Nafarroako Erresumaren gotorleku izan ziren bi herriek.

Ekitaldi instituzionaletatik haratago, aipatutako «mugarri» egunak, herri-ekimena izango du Arma Plazan 12:30etik aurrera (eguraldi txarra balitz Itsas Etxera lekuz aldatuko lukete). Ortzi Alonsok iragarri duenez, Kemen dantza taldeko ezpata dantzariak hasiko dira, eta txistularien ondotik, Hondarribiko 9 abesbatza eta Amaiurgo Gaztelu koruek abestuko dute. Guztira 130 bat lagun bilduko dira, eta herriko abesbatzen babesa eskertu nahi izan du hautetsiak. Bukatzeko, bi herrien artean harri bana elkarbanatuko dute, esan bezala. Eta ekitaldiari amaiera emateko, Petti abeslariak, “Amaiur gaztelu baltza” kantua abestuko du.