Hondarribiko EAJ udal taldeak jakinarazi duenez, joan den martxoaren 13an Gabarrari kaleko beilatokia eraikitzeko lizentzia behar bezala eman zela ebatzi du Auzitegi Gorenak. Afera honi buruz publiko egin zen azken albistea, 2022ko martxoaren 22koa zen. Orduan, Euskadiko Auzitegi Gorenak Inmorekalde 21 S.L. enpresak jasotako tanatorio zerbitzua aurrera eramateko eraikuntza lizentzia ez zela zuzena ebatzi zuen, eta 1997 arau subsidiarioen baitan, egindako lanak bere onera itzultzeko agindua emana zuen.
Baina azken ebazpenaren arabera, EAJren udal gobernuak 2018an baimendutako lizentziak epaitegietan izan duen ibilbidea argitu delakoan daude jeltzaleak. Eta hasierako errekurtsoa Donostiako Auzitegi Administratiboan partikular batek aurkeztu bazuen ere, lizentzia Abotsanitzek errekurritu zuelakoan, Igor Enparan alkateari eta Abotsanitzi exijitu diote «barkamena eska dezatela jendaurrean», aurreko legealdian EAJ udal-taldearen aurka esandakoengatik. Ohar baten bidez argitu dute jeltzaleek «Abotsanitz eta EH Bilduren udal gobernuak hainbeste aipatzen duen gardentasunaren izenean, jasotako epaiaren berri herritarrei eman ez izanak harritu» egiten dituela.
Garaiko oposizio taldeek «eskandalu urbanistikoa» edota «ezkutuko interesak» leporatu zizkiotela gogoratu dute jeltzaleek, eta mesfidantza giroa sortu zutela herrian. Are gehiago diote, «egiari muzin eginez eta informazioa manipulatuz errealitatea desitxuratzea lortu zuten, baina denborak bakoitza bere lekuan jartzen du». Izan ere, orain ezagutu dugun Auzitegi Gorenaren epaiak berretsi egiten du haien ustetan, Hondarribiko Udalak beilatokia eraikitzeko baimena txosten teknikoetan oinarrituta eta behar bezala izapidetu egin zuela. Eta EAJk azpimarratu du Udal Gobernua ez zela beilatokiaren jardueraren sustatzailea izan.
Aldiz, egungo udal gobernuak epaia lau haizeetara komunikatu ez badu ere, ezin daiteke baieztatu izkutatu duenik. Antxeta Irratian jakin ahal izan dugunez, Gabarrariko bizilagunek Igor Enparan alkatearen eskutik izan dute epaiaren berri, eta eraikinaren jabeekin ere bilera egin zuen joan den astean.
Beilatoki bat Itsas eta Arrantza erabilerako lurretan
Nolanahi ere, EAJk orain publiko egin duen martxoaren 13ko Auzitegi Gorenaren ebazpenak errekurtsorik onartzen ahal duen ala epaileen azken erabakia ote den ez dute argitu. Baina aireportu ondoan beilatoki bat eraikitzeko baimenak eragindako polemika politikotik haratago, 6 urteko ibilbide juridikoa darama. Izan ere, Gabarrari kalean beilatoki bat eraikitzeko lizentzia eman zuen Hondarribiko Udalak 2018ko urtarrilaren 8an.
Garaiko oposizioak, lizentzia eman eta gero izan zuen proiektuaren berri. Eta PSE-EEk hasieratik gogor kritikatu zuen bitartean, Abotsanitzek errekurtsoa aurkeztu zuen proiektuak hirigintza arauak urratzen zituelako. Bidenabar, eremu hau Itsas eta Arrantzako Ekonomia Jarduerak garatzeko erabilera jasoa du, eta garai hartan errekurtsoa jarrita, «eremua dagokion Itsas eta Arrantza erabilerako garapenerako besterik bideratua izan ez dadin» bilatu zuen oposizioko lehen taldeak. Gainera, tramitazio prozesua hain azkar egin izan zelako harridura azaldu zuen Igor Enparanek. Eskaera azaroan aurkeztu, eta udalak lizentzia hiru hilabeteko epean eman zuelako.
2020ean, aldiz, PSE-EEren udal taldeko bozeramale Iosu Alvarez izan zen EAJren udal gobernuari Gabarrari kaleko beilatokiko lanak bertan behera utz zitzan eskatu ziona, HAPOaren aurkako sententziak beilatokiaren proiektua indargabetzen zuela argudiatuta. Sozialistak gaineratu zuen orduan, txosten teknikoa oposizioari ezagutarazi gabe lizentzia onartu zutela jeltzaleek. Eta are gehiago, Aire Segurtasunerako Estatu Agentzia (AESA) erakundearen beharrezko baimenik ez zirela bete, eta URA Agentziak proiektuari baimena ukatu izan ziola Kostalde Legea betetzen ez zuelako.
Abotsanitzek argi utzi zuen 2022ko martxoan (aurreko ebazpena jakiterakoan) Euskadiko Auzitegi Gorenaren ebazpenari dagokionez, Udalak ez zuela zergatik bere gain hartu beharrik lizentzia legez kanpo eman izanaren ondorioz sor zitezkeen gastuak. Eta ondorioen arduradunak erabakia hartu zuten agintariak zirela.