Hondarribiatik pasako da ‘Itzulia Women’ lasterketa igandean

Antxeta Irratia 2024ko mai. 10a, 11:08

Emakumezkoen Itzuliaren hirugarren eta azken etapak trafiko aldaketak eragingo ditu herrian. Jaizkibel menditik helduko dira Hondarribira, eta Labreder, mendebaldeko sahiesbidea eta aireportuko errepidea ere itxi egingo dituzte igandean 11:15ean lasterketa iragan arte.

Gaur abiatuko da Euskal Herriko Itzuliaren hirugarren aldia. Munduko txirrindularirik onenak Gasteizko irteeran izango dira, inoizko Itzulirik menditsuenari aurre egiteko prest. Eta mendi portu horien artean azkena,  maiatzaren 12an, igande honetan, Jaizkibel izango da. ‘Itzulia Women 2024’ lasterketaren hirugarren eta azken etapan, emakumezko txirrindulariak Hondarribitik igaroko dira beraz. Etapa Donostian hasiko da goizeko 10:00etan eta Donostian bertan izango du helmuga 13:30 inguru. Guztira 114,9 kilometroko ibilbidean, Añorga, Hernani, Astigarraga, Oiartzun eta Errenteriatik pasa eta gero, lehen mailako portua den Jaizkibel Lezotik igo eta Hondarribira helduko da. Lehenak 11:25 inguruan heltzea aurreikusi dute antolatzaileek. Hau dela eta, trafikoari dagokionez 11:15ean itxiko dituzte Jaizkibelera igo eta jaisteko errepidea, mendebaldeko sahiesbidea eta aireportuko errepidea.

Hiru euskaldun besterik ez tropelean

Txapela etxera eramaten ahaleginduko dira aurten Marlen Reusser eta Demi Vollering (Sd Worx) eta Katarzina Niewiadoma (Canyon), besteak beste. Aldiz, Itzuliaren hirugarren aldi honetan hiru euskal txirrindulari bakarrik ariko dira, hirurak Laboral Kutxarekin: Ane Santesteban, Usoa Ostolaza eta Lourdes Oiarbide. Eneritz Iturriagaetxebarria izango da beste euskal ordezkaria. Abadiñoko txirrindulari ohiak zuzendutako Eneicat taldea Gasteizko irteeran izango da.