Muliateko murala auzolanean margotzeko deia egin du Judas Arrietak bihar, «emaitza baino prozesua garrantzitsuagoa» dela azpimarratuz

Koldo Nausia 2024ko mai. 10a, 15:14

Kandido Saseta plaza aniztasunaren eta herritarren arteko loturaren ikur bilakatuko duen 3,5 x 20 metro luzeko horma-irudia margotzeko, hondarribitar oro gonbidatua da 16:30etik 01:00a artean. Hilabeteotan bizilagun eta herriko 60 haur baino gehiagorekin ondutako diseinua horman irudikatzeko txanda iritsi da.   

Mendelun auzolanean margotu zuten bariante azpiko tuneleko murala izan zen aurrenekoa herrian. Baina erakunde publikoak ere ohartu direlakoan dago Judas Arrieta artista hondarribitarra, «artea gizarteratu eta herritarrek berea egiteko beharra» dagoela. Sinistuta dago horrekin, eta bere azken proiektuetariko askok parte hartzea bilatzen dute edota kalera eraman nahi ditu artea eta hausnarketa.

Arrietak Tokyo, Singapur, Santiago de Chile, Beijing, Dublín edota espainiar estatu osotik bere lanak arte galerietan eskaini izan ditu, baina Street Art edo Arte Urbanoan ere eskarmentua bildu du azken hamarkada honetan. Idaho (Estatu Batuak), Usurbil edo Trintxerpen besteak beste utzi du bere aztarna eraikin publiko zein kaleetan ere. Baina Muliateko Kandido Saseta plazan asteburu hontatik aurrera herritar guztien begietara egongo den horma-irudi erraldoia bestelako proiektu bat da. «Nik ez dut nahi mural bat proposatu eta egin, edo enkarguz, auzolanean ideiatik hasita eta emaitza lortu arte, ahalik eta herritar gehienak inplikatuz egindako zerbait osatzea baizik. Margotuta geratuko den murala baino, prozesua delako garrantzitsuena», dio Arrietak.

Hondarribia Kultura

Zentzu honetan, Hondarribiko Udalak babesten duen Hondarribia Kultura ekimenaren baitan, Talaia eskolako haurrek mural bat margotu zuten iaz Julia Lasa ilustratzaile eta diseinatzailearekin batera, Talaia Alai ekimenaren amaiera festa gisa. Larunbatean, aldiz, Irudi berria, kultura bizia lelopean eta Hondarribiko Udalaren babesarekin, auzolanetik sortutako proiektua borobilduko du Muliaten Judas Arrieta artistak.

Arratsaldeko 16:30etatik goizeko 01:00ak arte arituko da buru belarri lanean, baina lan horretan, ordea, ez da bakarrik egongo. Hilabeteotan proiektuan parte hartu duten 60tik gora herriko haur eta dozenaka bizilagunak ere deituak daude margotzera hurbildu daitezen. Eta Hondarribiko herri osoa. «Helburua da astelehenean, haurrak bertara joango direnean futbolera edo lagunekin jolastera, begira dezaten, eta beraiek diseinatu edo margotutako zati hori hor ikus dezaten betirako», azpimarratzen du.

Horregatik ere, proiektua parte hartzailea izan da. Arrietak kontatu digunez, 3,40 x 20 metroko horma margotzeko baimena jaso zutenean, Muliateko bizilagunei informatu zien, eta hasieratik ideiak biltzen hasi ziren, auzoko «topagune den horretan mezu baten aztarna uzteko». Eta «etorkizunera begirako kezkak, baina aldi berean, komunitatearen aniztasuna goraipatu» nahi izan dute, horma irudia bertako bizilagunen arteko lotura sustatuko duen ikur bilakatuko delakoan.