'Karmele' filmaren eszenatoki bilakatu da Hondarribia gaur

Antxeta Irratia 2024ko mai. 13a, 11:12

Joan den astean Baionan, Zuraiden eta Uztaritzen irudiak grabatu ondotik, gaur Hondarribiko Alde Zaharrean aritu dira Asier Altunak zuzenduriko filma grabatzen. Kirmen Uriberen "Elkarrekin esnatzeko ordua" eleberrian oinarrituta, Gerla Zibilaren garaian egiazki gertatu zen istorio bat kontatzen du, eta zazpi asteko grabaketaren erdian daudela, gure inguruetan jarraituko dute eszena gehiago egiten. 

Hondarribiko Alde Zaharra film eszenatoki bilakatu dute goiz hontan. Kale Nagusia eta Arma Plazan trafiko mozketak egin dituzte gaur, goizeko 11:00etatik 12:00ak artean, ‘Karmele’ filmaren grabazioa egiteko. Asier Altunak (“Amama” filma) zuzendutakoa Kirmen Uribek idatziriko «Elkarrekin esnatzeko ordua» eleberrian oinarritzen da. Eta egiazko gertakizunak kontatzen ditu, Gerla Zibilaren garaietan Iparraldera lehenik, eta ondoren Venezuelara ihes egin zuten Karmele eta Txomin Urrestiren istorioa kontatzen duela iragarri digute proiektuaren eramaile diren Txintxua Films eta Gastibeltza Filmak.

Garai hartako eszenatoki edo kokapenak behar dituzte. Eta joan den astean Baionan, Zuraiden eta Uztaritzen irudi batzuk grabatu ondoren, gaur Hondarribiko Alde Zaharrera jo dute. Bertako Katti Poxeluk aipatu digunez, zaila da gaur egun produkzio gastu handirik gabe kaleko garai bateko eszenak grabatzea “lekuak asko aldatu baitira”. Hondarribiko Alde Zaharra, aldiz, halako pelikulak edo telesailak grabatzeko ohiko eszenatokia bilakatzen ari da azken urteotan. 

Irudia: Txintxua Films