Herriko haurrek eskolaz kanpoko aisialdian ere euskaraz hitz egin dezaten bultzatu nahi du Hondarribiko Udalak. Azken inkesta soziolingusitikoen arabera, gazteen %10ak ere ez baitu euskaraz egiten egunerokoan. Aldiz, euskararen erabileran ohiturek zeresan handia dutela ohartuta, Gipuzkoako hainbat herritan, udalek haur parkeetan eragiteko programak garatzen ari dira Hezten aisialdi elkartearekin batera. Irunen 'Haurrak Parkean' programak arrakasta izan du, eta udaberriarekin batera martxan jarri dute. Eta Hondarribian ez dira atzean geratu. Datozen lau ostegunetan, maiatzaren 16, 23, 30ean eta ekainaren 6an 'Parketarrak' ekimena abian jarriko du Udalak bigarrenez. Joan den udazkenean egindako aurreneko saiakeran harrera beroa izan zuela ikusita, formato berbera mantenduko dute.
Euskara jolastu eta ondo pasatzearekin harremandu dezaten bilatzen du programa honek. Eta horretarako, haurrak bildu ohi diren haur parkeetan jolasak dinamizatu eta euskara mintzarazten dute Hezten elkarteko begiraleek. Puntaleko haur parkean izango da, aipatutako egunetan, 17:00tan ‘Zabu-Zibu’ 3-5 urteko haurrentzat. Kasu horretan, gurasoek ere parte hartu beharko dute. Eta 6-9 urteko gaztetxoentzat, aldiz, begiraleekin batera ‘Txirrintxon’ izeneko jarduera egingo dute ordu berean. Udazkenean bezala, oraingoan ere eguraldi txarra eginez gero, Egiluze ikastetxean egingo dute.