Maiatzaren 23an ikasturte hontako bigarren Mintzodromoa antolatu dute. Udazkenean, urrian antolatutakoan 56 lagunek parte hartu zuten. Hura goizez egin zela kontuan hartuta eta bildutako arrakasta ikusita, oraingoan kopuru horiek ez gainditzeko lekuak mugatuak izango, eta aldez aurretik izena eman beharko da. Oraingoa arratsaldez egingo baita, 18:00etatik 20:00etara.
Mertxe Gerriko Hondarribiko Mintzalaguna taldeen dinamizatzaileak argitu digunez, «lehenbailehen izena ematea garrantzitsua da antolatze aldera». Izan ere, urrian Kasino Zaharra txiki geratu zitzaien, baina leku goxoa eta atsegina da elkartzeko, eta bertan errepikatuko dute.
Nolanahi ere, Mintzalaguna egitasmoa sasoiko da Hondarribian. Aurten 80 bat lagunek parte hartzen ari dira astero elkartzen diren mintza taldeetan. Marka guztiak apurtu egin dituztela dio Gerrikok, eta ekimenaren baitan ez ezik, hortik kanpora ere eragina badu. «Ikusi duguna da badela jendea euskara ikasi eta praktikatu nahi duena, baina non edo norekin egiteko aukera ez duena, eta talde horietan eroso eta akatsak egiteko kezkarik gabe aritzeko aukera ematen zaio», dio «hori dela eta, taldeetatik kanpo ere euskaraz egitera animatzen ari dira geroz eta gehiago». Hortaz gain, Mintzapraktika taldeek hilabetero irteeraren bat egin ohi dute taldean ere euskaraz ondo pasatzeko aukera emanez. Aurten, adibidez, mendi irteera, Irungo Gordailura euskarazko bisita edota Bizkaian antolatu den Euskal Herri osoko mintza taldeen Mintza Eguna ospatzera joan dira.
Euskara praktikatzeaz haratago, jende berria ezagutzeko aukera ematen du egitasmoak, izan Mintzapraktika taldeetan, izan aparteko Mintzodromoen topaketetan ere. Harreman euskaldunak, haien ama hizkuntza euskara ez bada ere. «Pertsona berriak ezagutzen ditugunean, lehen hitza euskaraz ematen badugu, gero harreman hori euskaraz mantentzeko ohitura hartzen da», azpimarratzen du Gerrikok. Eta zentzu horretan, halako ekimenetan euskaltegiko ikasleak, euskara hobetu nahi dutenak zein bidelagun diren euskaldun zaharrak ere beharrezkoak dira taldeen dinamika posible egiteko.
Hortaz, maiatzaren 23an Kasino Zaharreko Mintzodromoan parte hartu nahi duenak, dagoeneko izena eman dezake. Hondarribian hitzorduaren berri ematen duten karteletan QR kodigo bat ere ezarri dute, zuzenean bertan apuntatzeko. Bestela mintzalaguna@hondarribia.eus helbidera idatzi daiteke, edo hemen bertan sakatuz inkesta laburra bete.