Hondarribiko itsas-ondarean arreta ipiniko dute maiatzaren 16tik 18ra

Koldo Nausia 2024ko mai. 14a, 17:16

Ardorak arraien presentzia bezala, historiak agerian uzten du “Hondarribia Itsas-Herria” dela. Ideia horretan sakontzeko topaketa antolatu du Udalak lemixiko aldiz herriko hainbat eragilerekin lankidetzan. Herriaren iragana eta oraina zintzelatu duen itsasoarengandik jasotako ondarea gorde, eta aurreko belaunaldien bizipenak eta kultura egungo hondarribitarrei transmititzeko helburua dute. Hiru egunez, dokumental, mahainguru, erakusketa, itsas-ondare proiektuen aurkezpen eta bisita gidatuekin batera.

Hondarribiak itsasoarengandik bere historian jaso duen ondarea balioan jartzeko helburuarekin, “Hondarribia Itsas-Herria” topaketa antolatu du Udalak lehendabiziko aldiz. Ortzi Alonso, Kultura eta Herri Nortasunerako hautetsiak «herri identitatea, hondarribitarron sena balioan jarri eta kultura eta itsas-ondarean sakondu» nahi dutela azpimarratu du San Pedro kalean egindako aurkezpenean. Udaletxean sartu ziren momentutik argi eduki dute ildo honetan zerbait egin behar zela, eta Udal Goberuaren asmoa da «laurteko honetan jarraipena ematea eta geratzea».

'Hondarribia Itsas Herria' topaketa eta 'Itsasoratu' azoka aurkeztu dituzte San Pedro kalean.

Mendeetan zehar arrantzan erreferentea izan da Hondarribia, baita gaur egun ere, Gipuzkoako arrantzontzi flotarik handiena baitu oraindik. Baina udal ordezkarien ustetan «ahulezi batzuk agerikoak dira azken urteetan, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu aurreko belaunaldietako herritarren esperientziak eta bizipenak hartu, eta kultura horren transmisioa egungoei egitea». Kultura zinegotziak argitu duenez, «arrantzale herria izan da betidanik, baina hirugarren sektorea da gaur egun nagusia herrian. Eta turismoak gauza on asko ekarri badezake ere, hondarribitarron izaera gorde beharra dugu». Eta lan horretan Udala ez dago bakarrik. Hautetsiak Sustraia taldeak itsas-ondarearen ikerketa eta berreskuratzean urteotan egin duen lan eskerga goraipatu du, baita Arma Plazatik bultzatzen den dibulgazio lana ere. Topaketa hauetan parte hartuko dute, baita herriko beste hainbat eragilek ere (ikusi beheko programazioa).

Estitxu Urtizberea alkateordeak ere argi du gorde beharreko altxorra dela herriko itsas-ondarea. Hondarribiarrok nor garen erantzuteko errelatoan itsasoak duen presentzia handia nabarmendu du. «Itsasoak zintzelatu du herritarron izaera, ogibidea eman digu, gure auzoen konfigurazioa eta etxeen kolorea moldatu du, gure hizkuntza aberastu du… eta aktibitate ekonomiko garrantzitsu bat bada ere, itsasoak gure aisialdia betetzen du ere eta pasaia zoragarria dugu», argitu du.

 “Itsasoratu” azoka ere

Gure harremana itsasoarekin aldatzen joan bada ere, Hondarribiaren ardatz nagusia da itsasoa oraindik ere. Eta beraz, “Hondarribia Itsas Herria” bezalako jardunaldiak ezinbestekotzat jotzen ditu alkateordeak. Baita maiatzaren 25ean Kirol Kaian ospatuko den “Itsasoratu” ekimena bezalakoak ere. Arrantzaz haratago, aisialdi eta kirol jarduera modernoen eskaintzan erabateko presentzia baitu itsasoak herrian. Eta jarduera ekonomiko garrantzitsua suposatzen duten herriko 14 enpresekin batera, kirol, aisialdi eta eskaintza turistiko honen berri emateko azoka edo jardunaldia ospatuko dute.

Estitxu Urtizbereak argitu duenez, Itsasoratu azokaren lehen edizioan turismo eskaintza gisa eta bisitariak erakartzeko helburuarekin antolatua izan zen. Oraingoan, aldiz, hondarribitarrekin pentsatuz egin dute. «Kanpora begira baino, barrura begira jartzea garrantzitsua dela pentsatu dugu, herritar askok ez dutelako dagoen eskaintza zabala ezagutzen», dio alkateordeak. Horrela, paddle surf, itsasbela, itsas-irteerak, urpekaritza edo surfa denen eskura dagoela erakutsi nahi dute. «Aurreiritzi bat dago, beste maila bateko jarduerak direlakoan edo garestiak, baina edozein herritarrek disfrutatu ditzakeela erakutsi nahi dugu», argitu du Urtizbereak.

Bestalde, enpresa eta elkarteetako partaideek tailerrak eta jarduerak probatzeko aukera emango dute zalantzak argituz. Eta aparteko hitzaldi bat ere izango da, 18:00etan Hondarribiko Itsaskari Baita elkarteak eta Mater elkarteak antolatuta, “Itsas zaintza sarea, itsasoaren alde elkarlanean” hitzaldia antolatu dute, plastikoen kutsadurari buruz sentsibilizatzeko helburuarekin.  Maiatzaren 25ean ospatuko da Kirol Kaian, goizeko 11:30etik 14:30era eta arratsaldez 17:30etik 20:00etara.

Hondarribia Itsas-Herria topaketaren egitaraua

Aurretik, aldiz, maiatzaren 16tik 18ra “Hondarribia Itsas-Herria” topaketen aurreneko edizioa izango da protagonista herrian. Itsas-ondarea, hausnarketa, kultur ekitaldiak eta gastronomia ere uztartuko ditu. Arrantzale zapi berezia plazaratu dute, eta azken egunean sardinada herrikoi batekin borobilduko dute. Baina itsasargiak, Bidasoko azken gabarrariak, emakumea eta itsasoaren arteko harremana, Mariñel, Hermandadea eta saregileekin Kofradiara bisita gidatuak, dokumentalak eta mahainguruak, edota Eskifaia abesbatzaren eskutik ere, “Luis Gaiztoak” abestiaren interpretazioa entzuteko aukera izango da besteak beste.

Era berean, bi erakusketa izango dituzue eskura egunotan. Batetik, Euskadiko Itsasargien Lagunak elkarteak Itsas Etxean antolatu duen euskal kostaldeko itsasargien argazki erakusketa. Eta bestetik, Inaxio Igos hondarribitarrak lantzen ari den “Hondarribiko barkuak” lanaren lagin bat. Beñardo Kanpandegik marraztutako herriko baxurako 12 barkuren kartela eta fitxa tekniko-historikoak ikusgai dituzute Hermandade pareko Sare Konpontzaileen plazan eta San Pedro kalean. Sustraia taldeko kideek iragarri digutenez, aurrerago herriko itsasontzi guztien bilduma osatuko duen liburua ere argitaratzeko asmoa du Inaxio Igosek.

Jarraian duzute hiru eguneko egitaraua hitzordu-hitzordu:

MAIATZAK 16

ITSAS ETXEA AUDITORIUMA

18:00tan

“Luz de Mar. Azken Itsasargizainak” dokumentala.

Euskadiko Itsasargien Lagunak. Arratsaldeko

19:00tan

EMAKUMEAK ETA ITSASOA

“Emakumeak blai” dokumentala. Ane Zulaika Zuzendaria.

20:00tan

Mahaingurua: Parte hartuko dute:

Hondarribiko saregilea, Hondarribiko emakumeen traineruaren patroia eta Hondarribiko Kofradiako ordezkaria.

 

MAIATZAK 17 

ITSAS ETXEA AUDITORIUMA

18:00tan

“Hondoxka” Bidasoako azken gabarrariei buruzko dokumentala. Jose Luis Zabala Zuzendaria.

19:00tan

Enrike Lekuona I bekan saritutako lanaren aurkezpena: “Portuarrak, Hondarribiko itsas komunitatearen begirada historikoa”. Aritz Díez eta Josu Narbarte

20:00tan

“Luis Gaiztoak” kantaren interpretazioa Eskifaia Abesbatza.

 

MAIATZAK 18

ZUMARDIKO PIRUEN PARKEA

10:00tatik 13:00tara

Itsas Modelismo erakustaldia, Bizkaiko Itsas Modelismo Elkartea.

KAI ZAHARREAN

11:00tan

Bisita gidatua Mariñel ontzia (kanpotik), sare konpontzaielak eta Hermandadea.

Hilario Martinez, Pili Goikoetxea eta Gregorio Kanpandegiren eskutik.

ITSAS ETXEA AUDITORIUM

18:00tan

“Hondarribia Hiria Musika Banda”ren kontzertua.

KAI ZAHARREAN

19:00tan

Sardinada herrikoia. Zaporeak-en eskutik.

Beduola itsas elkartearen parte hartzea, batel erakustaldia.