Uztaila bukaeran irekiko dute Higerreko bidea, martxoan luizi batek kaltetu ondotik

Aimar Lopez 2024ko mai. 21a, 12:02

Ekainean zehar errail bat irekitzeko asmoa du Foru Aldundiak · Lehenago ere izan dira lurjausiak GI-3361 errepidean, baina ixteko asmorik ez du Aldundiak, dronen bidez zaintzekoa baizik

Martxoaren 2an luizia izan zen Hondarribiko Higer bidean, orduan Igor Enparan alkateak oroitarazi zuenez, “mendia bizirik” dagoela argi utziz. Bi hilabete geroago, kalteen garbiketaren lan nagusia egina du Foru Aldundiak, eta azken pausoak argitzeko agerraldia egin du Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako ahaldunak, hainbat teknikari eta langilez inguraturik.

Azaldu duenez, orotara 3.300 metro kubo lur mugitu zituen erorketak, eta segurtasun neurri bereziekin haiek errepidetik kentzen aritu dira. Horrez gain, 1.300 metro karratuko sare bat jarri dute mugitu zen mendiaren labarrean, 12 metro luzeko burdinezko haga batzuekin, dena segurtatze aldera.

Gauzak horrela, heldu diren bi hilabeteetan lanen garapena azkartuko dela azaldu du Ubarretxenak, eta ekainean zehar lehen errail bat irekitzeko moduan izanen direla gehitu. Hala, Higerrera igoera arrantza portuko bidetik eginen da, eta jaitsiera berriz GI-3361 errepidetik. Uztaila bukaerarako bidea erabat irekitzeko asmoa dute.

"Bidea egonkorra da"

2011tik luizi ugari gertatu dira bide honen eremu ezberdinetan, eta horri buruz galdeturik, “klima aldaketa dela-eta denboraleak gero eta ohikoagoak” direla azaldu du ahaldunak, eta horri aurre egiteko Aldundia “prestatua” dagoela. Izan ere, “erregularki” zaintzen dituzte itsasbazterreko bideak, eta aurki dronen bidez zaintzen hasiko direla ere gehitu du.

Maiatzaren 21 honetan Hendaia eta Zokoa arteko Erlaitzeko bidea esperimentalki itxiko du Pirionio Atlantikoetako kontseilu orokorrak, eta halako neurririk hartzeko aukerari ezezkoa eman dio Ubarretxenak: “Bidea egonkorra da eta normaltasunez irekiko dugu”