Arratsaldeko 18:00tan hasita, "Elkar entzunaz Konponbidea eraikiz" solasaldia izanen da ostegunean Hondarribiko Kultur Etxean. Bizikidetzari buruz hausnartu eta elkarbanatzeko espazioa sortu asmo du Antxeta Irratiak espazio honen bidez.
Aitziber Zapirain eta Koldo Nausia kazetariek dinamizatuko dute saioa, eta lehen zatian Igor Enparan alkateari elkarrizketa eginen diote eszenatokian. Ondotik, herritarrek galderak egiteko aukera izanen dute, bakoitzaren ekarpenen bidez elkarbizitza eraikitzen alea jartzeko.
Solasaldia grabatua izanen da, eta Antxeta Irratiak bere uhinetan, webgunean eta sare sozialetan hedatuko du gerora.