Auzoa batzen duen murala amaitzeko deia luzatu du Judas Arrietak

Antxeta Irratia 2024ko mai. 22a, 12:43

Maiatzaren 25ean 18:00etan Kandido Saseta plazan berriro ere elkartu, eta hilaren 11n erdixka utzi behar izan zuten Muliateko horma irudia auzolanean amaitzeko deialdia egin du artista hondarribitarrak. 

Joan den maiatzaren 11n euri zaparradak erdixka uztera behartu zuen Kandido Saseta plazako murala amaitzeko eguna antolatu dute Hondarribiko Udalak eta Judas Arrieta artistak. Maiatzaren 25ean, 18:00etan eman dute hitzordua Muliateko plaza horretan berriro ere elkartzeko, eta elkarlanean auzoa batzen duen muralaren margoketa lanak bukatzeko. Judas Arrietak orain artean proiektu honetan parte hartu duten herritar guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie. Hilabeteotan parte hartu duten 60tik gora herriko haur eta dozenaka bizilagunekin batera, duela bi asteburu egindako deialdian ere aritu ziren guztiei.

Gogoan hartu, Irudi berria, kultura bizia lelopean eta ‘Etorkizuna’ izendatu duten obra Hondarribiko Udalaren babesarekin eta auzolanetik sortutako proiektua dela. Eta Arrietak azpimarratu duenez, 3,40 x 20 metroko horma irudia bertako bizilagunen arteko lotura sustatuko duen ikur bilakatzeko helburua duen heinean, «emaitza bera baino, garrantzitsuagoa izan dela prozesua».  Hondarribiko herri osoa deitua da beraz, horma irudia amaitzeko lanetan parte hartzera. «Helburua da astelehenean, haurrak bertara joango direnean lagunekin jolastera, begira dezaten, eta beraiek diseinatu edo margotutako zati hori hor ikus dezaten betirako», argitu du proiektuaren eramaileak.

Informazio gehiago behar izanez gero, 649 074 406 telefonora deitu edo info@judasarrieta.com helbidera idatzi lasai.