Hondarribitik Eskoziara hegaldia ere martxan da uztailaren 30a arte

Antxeta Irratia 2024ko mai. 27a, 11:02

Joan den larunbatean estreinatu zuen Hondarribiko aireportuak Edinburgora hegaldi berria. Uztailaren 30era arte British Airways konpainiaren filiala den CityFlyer-ek eskainiko du, eta horri esker, Hondarribiko aireportuak 10 hegaldi eskaintzen ditu dagoeneko bost aire-operadore desberdinen eskutik.

Une honetan, Iberia, Volotea, Vueling, Binter eta British Airways-CityFlyer ari dira bertan lanean. Eta horri esker, Gipuzkoa Madril, Bartzelona, Sevilla, Valentzia, Malaga, Kanariar Uharteak, Balear Uharteetako Mallorcako Palma eta Menorca, Londres eta orain Eskoziako hiriburuarekin ere lotuta dago. 2023an erabiltzaile marka guztiak apurtu zituen Hondarribiko aireportuak, 2022an baino ia 100.000 bidaiari gehiagorekin, orotara 482.662 jasota. 

Gipuzkoako Foru Aldundia pozik azaldu da aireportuak azken urteotan izan duen garapen azkarrarekin, eta turismoak Gipuzkoako ekonomiaren %7aren langa gainditu duen «une historiko honetan, bertako aireportua geroz eta lehiakorragoa egiteko eskaintza aberasteko lanean jarraitu beharra» dagoela azpimarratu du, Azahara Dominguezek, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Joan den astean Irun eta Hondarribira egindako bisita eta udal agintariekin lan bileran nabarmendu zuen ere, turismo eskaintza orotariko perfiletara zabaltzeko estrategia duela Gipuzkoako, sektorea desestazionalizatzeko helburuarekin. Eta aireportuaren jarduna zentzu horretan giltzarri dela adierazi du. Baita aireportuari lotutako garraio publikoa ere.

Izan ere, Foru Aldunditik gogoratu dute, Oarso-Bidasoaldeko Lurraldebus zerbitzuaren proiektua martxan jartzean, aireportuak Donostiako erdigunearekin linea zuzena izango duela. Eta loturak hobetuko dituztela. Haien helburua baita, «aireportuak ekar dezakeen aberastasunaren onuradun gipuzkoar guztiak bilakatzea». 

Hegaldien tamainako alokairuzko autoen loraldia

Garraio publikoa giltzarri izan daiteke, era berean, auto-alokairu enpresen jardunak Hondarribian eragin dituen arazoak arintzeko. Izan ere, aireportuak 2018az geroztik izan duen bilakaeraren lekuko da ere, sektore honek bizi izan duen loraldia. Duela sei urte 211.000 bidaiari ingururekin hondoa ukitu ondotik, bidaiari kopurua bikoiztu egin du aireportuak urteotan. Eta horrek eragina izan du autoen alokairu eskaintzan ere. Hainbeste aireportuko aparkalekua txiki geratu zaiela. Eta hondarribitar asko dira kexu direnak Amute-Kostan ez ezik, Biteri, Jostaldi, Muliate inguruak ere, enpresa hauek aparkaleku gisa baliatzen dituztela. Udal Ordenantzak ez du jarduera ekonomikorako autoen aparkaleku gisa kaleko plazak erabiltzea ahalbidetzen. Eta honek zailtasunak suertatu ditu zenbait lekutan bertakoek aparkatu ahal izateko.