Maiatzaren 11n eguraldi txarrak zapuztu zuen Muliaten 20 x 3,40 metroko horma-irudiaren lana egunean bukatu ahal izatea. Baina Judas Arrieta artistak proiektuari ekin zion momentutik bizilagunekin egin beharreko bideari eman dio garrantzia, emaitzari baino gehiago. Hala, auzokideekin partekatuta, murala pentsatu, diseinatu, marraztu eta margotzeko lanak hartu dituzte auzolanean hastapenetik buru.
Honezkero, Kandido Saseta plazak hemendik aurrera elkarlana ETORKIZUNAren ikur dela oroitaraziko die bizilagunei bertatik pasa eta begiratuko duten bakoitzean, norkbere hondar alea jarri baitu. Baldintza bakarra jarri zuten, besteek marraztutakoaren gainetik ez margotzea. 60tik gora haurrek hartu dute parte proiektuan, eta hamaika bizilagun eta familiek. Hargatik, proiektuaren bideratzaile izan den Arrieta pozik azaldu da azken emaitzarekin ere. Bere ustetan, auzoaren aniztasunaren irudikoa da. Etorkizuneko auzoko belaunaldiek dakarrenari leiho bat.
Judas Arrietarekin aritu gara blagan proiektuaren helburuetaz eta filosofiari buruz, larunbata honetan bizilagunek margotzen zuten bitartean. Eta iragarri digunez, Hondarribiko beste auzoetan ere antzeko proiektuak garatu nahi lituzke, betiere, bertako bizilagunen nahi eta iritzian oinarritutako proiektua egokituz. Bere ustez, kultura herritarrak batzeko gai dela erakutsi du ekimen honek, eta halako proiektuek herria biziarazteko helburua duten heinean, kultura gizarteratu eta dene eskura jartzeko lanean jarraituko du bere herrian.