Hondarribiak batu ditu lau sortzaileak eta Hondarribiarekiko lotura estua duen lana da “Lendabisico EP-a”. Hitzetan, etengabeak dira herriari, eskualdeari, eta bertako egoerari erreferentziak: Agurra kantuan, “Errekaren beste aldetik” kantatzen du Txavvok, Bidasoaren itsasadarrak behar lukeen “zubiaz” eta bitartean erabili behar den “barkituaz”. Kolektiboaren izen bera duen kantuan berriz, “Hok Ttuk Amalau in a fishing town” leloa errepikatzen dute etengabe raplariek, arrantza herriaren harrotasunari oihartzuna emanaz.
Txavvok azaldu duenez, hain zuzen ere, naturala izan da haientzat herriari buruz idatzi eta kantatzea. Hondarribian egiten dute bizia, bertan idatzi eta grabatzen dituzte kantuak, eta ezagutzen dutenari buruz sortzen dutela azaldu du. Hain zuzen ere, Psylocibe elkartearen inguruan elkartu dira, eta bertako estudioan grabatu dute bilduma.
“Kolektiboa” da Hok Ttuk Amalau, ez taldea. Raplari eta ekoizle bakoitzak bere ibilbide propioa du, eta bide zati bat elkarrekin egitea erabaki dute azken urtean. Azken Euskaraldirako kantu bat egiteko aitzakiapean bildu ziren aurrenekoz, eta ondotik, kontzertu batzuen hegalpean, loturak indartu. Berriz ere bakoitzak bere bidea hartu aitzin haatik, idatzi eta pentsatu zituzten kolaborazioak otsailaren 14an argitaraturiko bilduman betikotu dituzte.
Hemendik aurrera bada, haien bide propioan jarraituko dute Txavvo, Acto Messie, Ttirritt eta Miki Maixuk. Lehenaren kasuan, “Txan Magan” kantua argitaratu berri du, eta Acto Messie ere bilduma bat kaleratzekotan da. Bidean, baina, berriz elkartuko direla argi dute biek: gustukoa dute kontzertuak elkarrekin ematea, eta antolatzaileek haietako bat deiturik ere, bertzeek lekua izanen dute oholtzan.