Herriko hezkuntza komunitatea, kirol eta kultur elkarteak, euskalgintzako eragileak, eta ostalaritza, komertzio edota enpresa arloko ordezkariak urtean hirutan batzartuko dira Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategiko berriaren garapena hurbiletik ikuskatu eta Ekintza Plana garatzeko. Garoa Lekuonak, Euskara saileko hautetsiak azaldu digunez, Talaia ikastetxea izan zen udaletxera ate joka hurbildu zena eskolan bizi duten euskararen erabilerarekin arduratuta. «Gobernu aldaketarekin beraien eskaerari bide eman diogu eta saiatzen ari gara baliabide gehiago jartzen. Ikastetxeak oso garrantzitsuak dira, herritarrak behar dutelako izan honen parte, eta elkarlanean ari direlako hiruak gai honekin», argitu du.
Izan ere, kezka partekatua da herrian. Hondarribitarren %72a euskalduna bada ere, 2021ean erabilera %16koa zen kalean, Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera, 2016ean %24koa zen bitartean, eta gazteen artean %10era ere ez da heltzen. Errealitatea gogorra dela aitortzen du Lekuonak: «Hondarribia momentu honetan ez da herri euskaldun bat, erdara nagusi duen herri euskalduna baizik, eta erabilera gehiago apalduko bada… Lehenengo puntua hori da, herriari esatea kontuz! Hemen zerbait gertatzen ari da!».
Azken urteotako euskara sustatzeko politikek ez baitute globalizazioak bultzatuta orokorrak diren inertziak apurtzeko gai izan. Eta Udal Gobernu berria sartu denez geroztik, estrategia berri bat jarri nahi izan dute martxan. EH Bilduko hautetsiak aipatu digunez, azaroan hasi ziren Hausnarketa Batzordea sortu eta lanean eragileekin. «Egin den berrikuntzetako bat da plana onartzeko prozesua parte hartzailea izan dela, eta horren emaitza izan dela Plan Estrategikoan jasotzen dena», dio horri jarraipena emateko asmoa dutela gaineratuz, «abiapuntuan gobernantza parte hartzailea izan da, eta jarraipena ere elkarrekin egin behar dela argi daukagu, gauzak betiko moduan egiten badira, emaitza ez baita asko aldatuko».
Hartara, udazkenean deialdia egin eta azaroan lanean jarri orduko, urtarrilerako 44 neurri aurreikusten dituen Ekintza Plana adostua zuten herriko eragile eta sektore desberdinetako ordezkariekin. Eta horietatik 17 espreski erabilera sustatzera bideratuak daudela argitu du, «hori delako bereziki dugun hutsunea herrian». Baina esan bezala, ekintzetan baino, estrategiaren planteamenduan dago berrikuntza bere ustez. Parte hartzetik eta euskararekin inplikatuak edo kezkatuak dauden eragileekin batera landutakoa baita, «egoera errotik aldatzeko».
Bide-orri argia
Zentzu honetan, euskal hiztunak ahaldundu, euskara gune berriak sortu eta daudenak indartu beharra dagoela argi dute Euskara Mahaiaren partaideek. Eta beraz, herriak izan behar duela aldaketaren parte. «Zeren argi dago, jendea ez bada euskaraz ari zerbaitengatik dela. Izan daiteke kontzientzia falta, lotsak, gabeziak… arrazoiak pertsona bezain hainbeste izan daitezke», argitzen du Euskara hautetsiak, «eta errealistak izan behar gara nondik abiatzen garen, baina egoera hau frenatu nahi dugu, eta ahal den neurrian gotti egin».
Momentuz, maiatzaren 29an 18:00tan bilduko da lehendabiziko aldiz Euskara Mahaia. Bide-orria argi dute eta erronkaren helburuak ere. Soziolinguistika Klusterraren hurrengo kale-entzuketa 2026ean egingo dute Hondarribian. Eta emaitzak zifretan hobetzeko beharra dagoela agerikoa izanik ere, hondarribitarren hizkuntza ohiturak aldatu eta kontzientzia har dezaten, jabetu daitezen nahi du Lekuonak. Eta herriko identitatea ezbaian jartzen duen euskararen erabilera aktibatzeari bide eman nahi dio: «Maratoi bat hasten dugu orain, eta erronka handia da», azpimarratzen du. Helburuak zifretan zehaztea ez da erraza. Baina adibideak ere bilatu dituzte eredu gisa. «Ortzimuga zein izan daitekeen galdetu dugu ere, eta Hondarribiaren pareko biztanle kopuru eta dimentsioa duen Elgoibarren, adibidez, ezagutza maila antzekoa izanik, erabilera %30aren bueltan dago, beraz, gure bikoitza», esan du hautetsiak.
Egoera iraultzeko, 44 neurri hartuko dituzte herriko eragileekin. Hezkuntza komunitatearekin bezala, herriko komertzio eta ostalaritzarekin ere ari dira lanean, herriko paisaia linguistikoa euskalduntzeko. Bisitarientzako ez ezik, herriko zerbitzuak bertakoentzat euskaraz eskaintzen direla bermatu beharra dagoelako. Eta kirol eta kultur elkarteekin ere berdin. «Askotan ez gara ohartzen zein erraz jotzen dugun gaztelerara, eta gazteen eskolaz kanpoko jardueretan elkarteek duten funtzioa ezinbestekoa da», dio udal ordezkariak. Halere, begiraleen gaitasuna aztertu eta elkarteek eduki ditzazketen beharrak asetzeko baliabideak eskaini nahi dizkiete. Horretan, UEMAren laguntza izango dute. Ahalak mugatuak badira ere.
Udalaren baliabide eskaxak
Alta, 2023ko azaroaren 28ko udalbatzan Hondarribiko Udalak UEMAn sartzea onartu, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean 104. udalerria bilakatu zen. Eta kide den heinean, haien laguntza baitezpadakoa izango da, herritarren engaiamendua bezainbeste. Udala estrategia berriaren akuilu lanetan ariko bada ere, herrian euskara prestigiatu eta blagan egiteko motibazioa pizteko herritarren eusle lana ezinbestekoa izango dela aitortu baitu Lekuonak. Izan ere, Udalak berak «baliabide eskaxak edo gabezi handiak» dituela dio.
Bistan denez, Hondarribiaren tamainako herri batentzat Udaleko Euskara Saila txikiegia da. Arloko ordezkari berriak azaldu digunez, «bi teknikari dauzkagu eta lau izan beharko genituzke. Edozein lekutan bezala baliabiderik ez badauzkazu hutsuneak sortzen dira. Eta gurean kalean herritarrekin, eragileekin egotea falta da. Orain ulertzen da zergatik batzuetan ez diren aurrera eraman proiektuak, bitartekorik gabe zaila delako».
Nolanahi ere, 2023-2027 urtealdirako Ekintza Planak herriko kolektibo eta giza harremanen txoko guztiak hunkitu nahi ditu. Eta paperak dena eusten badu ere, Lekuonak argi adierazi du euskara herrian «zainketa intetsiboetan» aurkitzen dela, eta denen konpromisoa beharko dela. Baina «ez gabiltza itxurakeria baten bila, euskaraz egingo dutela elkarteekin eta eragileekin hitzarmena izenpetzea eta eztakit zenbatek sinatu dutela esan eta kitto».