Hondarribiko bi emanaldi hauetara hurbiltzeko aukerarik ez duenak, hirugarren bat ere izango du Lapurdiko Ahetzeko herrian. Maiatzaren 31n 20:30ean San Martin elizan ariko baitira ere, Angeluko Aupa Kantuz koruarekin antolatutako emanaldian. Saio guztiak muxu truk dira, eta Eskifaiak teknika eta errepertorio aberatsa duen abesbatza hau zuzenean entzuteko aukera gozatzeko deia luzatu du. Nekez izango baitute musika koralaren zaleek halako beste aukerarik herritik atera gabe.
Izan ere, 2006an noneto batek osatutako taldea eratu zutenetik, pixakanaka handitzen joan da, eta gaur egun ganbera abesbatza osatzen duten 30 kideekin, indar handia hartu du eta nazioarteko hainbat sari lortu duen taldea bilakatu da. Teknika handiko erronkak motibatzen dituen taldea dela azpimarratu dute, eta estatu mailako lehiaketetan erreferentziazkoa bilakatu ondoren, 2012 eta 2018 urteetan Abesbatza Kantuaren Nazioarteko Sari Nagusia irabazi du. Baita Portugalgo Vocal Art Choir Competition lehiaketako lehen saria ere. Era berean, ospe handiko beste hainbat jaialdietara gonbidatua izan da, International Bach Festival, Canarias International Music Festival edo Festibala de Música Religiosa besteak beste.
Ainur abesbatzaren errepertorioak «aniztasuna eta berrikuntza» ditu oinarri adituen arabera. Eta munduko konposatzaile ospetsuen lan berriak ez ezik, kanariar uharteetako idazle hasiberrien lanak barneratu ohi ditu bere emanaldietan. Eta interpretazioan ez ezik, musika koralaren eta konposizioaren sustatzaile ere bada, Kanarietako Musika Koralaren Asteari bultzada emanez. Izan ere, ekitaldi horren zuzendari artistikoa, Mariola Rodriguez da Ainur abesbatzaren zuzendaria hastapenetik. Gorago aipatutako Portugalgo Vocal Art Choir Competition lehiaketan, zuzendari onenaren saria lortu du.