P30 disko bilduma aurkezteko PTP Jaia antolatu du Psilocybek ekainaren 8an

Aitor Errazkin 2024ko eka. 4a, 14:22

2023tik musika elkarteko 19 taldek grabaturiko diskoa aurkeztuko dute 30. urteurrena borobiltzeko helburuarekin. 'PTP Jaia' larunbatean 17:30ean hasiko da, sarrera borondatezkoa izanik, eta 12 talde ariko dira 2 eszenatokitan 7 orduko musika geldigaitza eskaini eta aparteko giroa sortzeko asmoz.

Psilocybe musika elkarteak 30 urte bete zituen iaz. Eta hau ospatzeko programazio berezia antolatu zuten joan den ikasturtean zehar. Helmet banda ikonikoarekin borobildu zuten azaroan 30. urtemugaren emanaldi xorta. Page Hamilton eta bere bandak azaroan kaleratu berri zuen LEFT albuma aurkeztuko zuen Hondarribian. Europan egindako biran bi kontzertu besterik ez zituelarik eskaini espainiar estatuan.

Izan ere, 30 urteotan Psilocybe musika elkartea bertako taldeen harrobi emankorra izan bada ere, proiektua garatzen joan den heinean, Underground kulturaren mapan bere lekua aldarrikatu du Psilocybenea aretoak azken 15 urteotan ere. Eta Amutaldeko aretoak 200 ikuslerentzako lekua badu ere, Euskal Herriko, estatuko zein mundu zabaleko talde askorentzat apartekoa bilakatu da. Elkartean mimo handiz zaindu baitute beti teknika eta soinuaren kalitatea, kultur areto handiagoen pareko.

Disko bilduma

Baina 30. urtemugaren ospakizunen haritik, elkarteak ez du bere azken nota eman. Hasierako asmoetan iragarri zuten bezala, Psilocyberen parte izan diren musika taldeekin gogoratuz, urteurrena ospatzeko disko bilduma berezia prestatzen aritu baitira azken hilabeteotan. Argitalpen berezi honetan 19 taldek parte hartu dute, eta bakoitzak kanta propio bana grabatu du. Diskoa datorren ekainaren 8an Psilocybenean aurkeztuko dute. Eta egun horretarako prestatu duten jaialdiari buruz hitzegiteko eta aurkeztuko duten bilduma berezi honen inguruan xehetasunak azaltzeko, Mikel Larratxe eta Maialen Salas, Psilocybe elkarteko kideak hurbildu zaizkigu Antxeta Irratira.

Azaldu digutenez, gabonen bueltan haientzako erreferentziazko jaialdia bilakatu den Psilocybenean ospatzen duten bertsio gauari jarraipena eman nahian dator disko honen aurkezpen gaualdia. «Giro paregabea sortzen da, musikari askok elkartu eta proiektu amankomun bat sortzeko aukera bezala baliatzen dutelako», dio Mikel Larratxek, «ohiko taldeetatik at, musikarien elkar trukaketa eta eremu berrien esplorazioa ahalbidetzen du jaiak».

Hala, aipatutako disko bilduma aurkezteko ‘PTP Jaia’ izendatu dute, izpiritu berarekin. Maialen Salasek iragarri duenez, «kontzertu laburrak izango dira, ekipoak elkarbanatuz eta ahizpatasuna eta jai giroa aparta sortzeko helburuarekin». Oraingoan baina, baldintza da taula gainean joko dituzten piezak originalak izatea, norberak sortuak. Horrela, Psilocybenean egonkortuta dauden taldeak izango dira ekainaren 8an topatuko ditugunak: Krin, Tzar, Horzdun, Txavvö, Kid Es3 eta Kosmai Kosin, baina baita oraindik ere entsegu lokaletik atera ez diren taldeak ere. Hala nola, Uranga eta Martinez, OnAVibe, Stoldak, Proiekt Hil eta Mala Nécora. Aipatu digutenez, badira abagunea galdu nahi ez duten musikariak ere, eta jai honetarako espreski taldea muntatu eta kantak sortzen ari direnak, Hun adibidez.

Disko bilduma, aldiz, jaialdian bertan eskura jarriko dute eta plataformetan ere.