Bik jantzi dute txapela, baina denak atera dira irabazten

Koldo Nausia 2024ko eka. 4a, 20:43

Agurtzane Berastegi Aizpurua eta Loiola Zuazu Iñarra nagusitu ziren larunbatean Emeki elkarteak Hondarribiko Pilota Eskolarekin eta Udalarekin elkarlanean antolatutako Emakumeen IX. Pala Txapelketaren finalean.

Maiatzaren 18eko eta 25eko kanporaketa eta joan den asteburuko lehiaren ondoren, beraiek jantzi dute txapela Jostaldin, baina Emekik azpimarratu duenez, parte hartzaile guztiak  Izan ere, txapelketa ofiziala ez bada ere, azken urteetan Emeki elkarteak bultzatut duen 'Emakume pilotari' proiektuak dinamika oso bat sortu du eskualdean, pala emakume eta neska gazteen artean suspertuz, eta Bidasoaldean palan aritzeko afizioa hartuta, astero entrenamenduei esker haien arteko harremanak saretu eta ahalduntzen ditu.
 
Tamara Sastre Emekiko lehendakariak oroitarazi digunez, Emeki 90. hamarkadan hasi zen pala txapelketa hau antolatzen, baina azken urteotan hartu du sona gehien. «Lehen edizioak antolatu eta desagertu egin zen, eta pandemiaren aurretik hasi ginen 2019an berriz, eskoletan ere neskek kirola egin dezaten gaur egun 80 emakume federatu biltzen dituen Emakumeen Pilota Elkartearekin lankidetzan pala proposatzeko ekimenarekin batera», azaldu digu.
 
Hari beretik, Hondarribiko eskoletan lanketa egin ondoren, proiektua martxan jarri eta urte gutxiren buruan 6-13 urte arteko hogei bat neska-mutil elkartzen dira asteartero 17:00etan Jostaldin pala hastapenak egiteko ikastaroetan, eta ondoren helduek ere entrenatzen dute. Era berean, ‘Eman Pilotari’ ekimenak antolatu izan dituzte haurren artean pala gizarteratu eta probatu dezaten.