Bular minbizia gaindituta, olatu ona hartzeko 27 emakume batu ditu Dragon Boat proiektuak

Antxeta Irratia 2024ko eka. 12a, 10:24

Hondarribiko HS2 Surf Center eta minbiziaren aurkako elkarteek indarrak batu dituzte bularreko minbizia gainditu duten emakumeekin aurreneko Dragon Boat arraunketa taldea sortzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, eritasunari ikusgarritasuna eman eta emakume hauen ahalduntzea bilatzen du proiektuak, harreman sare berriak sustatuz, eta kirolaren eremu seguru eta osasungarria eskainiz.

Gipuzkoako aurreneko Dragon Boat taldea Hondarribiko uretan dabil. Asiatik eratorritako arraun-kirol milenario honek danbor hotsen erritmoan arraun egitera gonbidatzen du. Eta 27 emakumek bat egitea erabaki dute. Hondarribiko Moila ibilbideko ontziralekuan aurkeztu dute proiektua. Bularreko minbizia gainditu duten eta haiekin arraunean aritu nahi duten emakumeek osatzen dute eskifaia berezi hau. Ekimena Hondarribiko HS2 surf eskolak bultzatutakoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eraman dute aurrea. Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu duenez, «ekimen positibo honi esker, komunitate kohesioa, emakumeen ahalduntzea, osasuna eta kirola uztartzen» delako. Gainera elkarlana paladaz-palada ez ezik, minbiziaren aurkako elkarteen artean ere eman da. Gipuzkoako Iñurri, AECC, Katxalin, Asgicer eta Bularreko Minbizi Metastasikoaren elkarteek bat egin baitute ekimenarekin, eta Gipuzkoako Erizaintza Elkargoa ere inplikatu da. Diputatu nagusiak haiekin arraun egin zuen aurkezpen ekitaldian babes keinu gisa. 

Proiektuaren eramaileek azaldu dute, taldea 27 emakumek osatzen dutela. Bularreko minbizia gainditu dutenak, eta eritasuna «ataka gaiztoa» ezagutu ez, baina kausari ikusgarritasuna eman nahi dioten eta haiekin arraun egiteko prest daudenak ere badirela. HS2 Surf Centerreko Triki Navascuesek argitu duenez, Dragon Boat kirola berritzailea da Gipuzkoan. Asiatik datorren eta inolako ezagutzarik gabe edonork egin dezakeen 2.000 urte baino gehiago dituen kirol nautikoa da. 13 metro luzeko ontzia erabiltzen dute, eta brankan dragoi burua eta haren isatsak apaintzen du popa. 12 eta 22 kide artean aritu daitezke arraunean, eta paladak danbor hotsen erritmoan ematen dira. 

Ez da aurreneko aldia Hondarribiko surf elkarte honek bularreko minbizia gainditu duten emakumeen aldeko ekimenak antolatzen dituela. Surf ikastaroa proposatu izan dituzte haiei zuzenduta espreski. Eta Navascuesek gogoratu duenez, joan den urtean Done Jakue Bidea egiteko erronka bota zuen elkarteak helburu berarekin. Kasu honetan, arraun egitea jarduera osasungarria izateaz gain, zehazki emakume hauek hunkitua diuzten bular eta pektoralak indartzeko oso kirol baliagarria dela azpimarratu dute.