Hondartza denboraldia larunbatean estreinatzen dute Hondarribian

Antxeta Irratia 2024ko eka. 14a, 09:14

Ekainaren 15ean zabalduko dute Hondarribian hondartza denboraldi ofiziala, eta irailaren 15a arte urteroko zerbitzu eta kirol-jarduera eskaintzak martxan izango dira. Aparkalekua ekainaren 1ean hasi ziren kobratzen, eta abuztuaren 31ra arte erabilgarri egongo da. 

Uda klimatologikoa noiz iritsiko den zain gauden bitartean, Hondarribian hondartza sasoiari ekingo diote larunbata honetan. Ekainaren 15ean, hondartza denboraldia ofizialki inauguratuko dute eta irailaren 15era arte, ohiko zerbitzuak martxan jarriko dituzte. Udalak urtero 200.000 euro inguru bideratzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan hondartza garbi mantendu, sorosle lanak segurtatu eta erabiltzaileentzako hondartza zerbitzuak bermatzeko.

Hirigintza hautetsia Estitxu Urtizbereak nabarmendu duenez, «Udalak urtero ahalegin handia egiten du hondartza ahalik eta baldintza onenetan egon dadin, eta Hondarribiko herritarrek eta udan bisitatzen gaituztenek zerbitzu onenak izan ditzaten espazio horretaz gozatzeko».  Horiek hala, hondartzako zerbitzuak egunero 09:00etatik 20:00etara egongo dira martxan. Aldagelak, aldiz, 10:00etatik 20:00etara zabalik daude. Eta aurreko urteetan bezala, sorospen-zerbitzua Gurutze Gorriak emango du ekainaren 15etik
irailaren 15era. Zehaztu dutenez, ekainean eta irailean 11:00etatik 19:00etarako ordutegia izango dute sorosleek, eta uztailean eta abuztuan 10:30etik 20:00etara. Aipatutako instalazioez gain, hondartzan eta bere sarbideetan 6 dutxa laukoitz, 6 iturri bikoitz eta oinak garbitzeko beste 5 iturri daude. Hortaz gain, herriko elkarte eta enpresa pribatuen eskutik jolas eta kirol jarduera eskaintza zabala izango da hondartzan aukeran. 

Hondartzako aparkalekua

Bestalde, Hondarribiko hondartzako aparkalekua ekainaren 1etik abuztuaren 31ra dago erabilgarri, eta beraz, hilabete hasieran aktibatu zuten ordaintzeko beharra. Halere, Udalak oroitarazi duenez, Hondarribian erroldatutako pertsonek egoiliar-txartela eskatu ahal izango dute BAZen bertan txartela erabiltzeko.