Markak birrintzen dituen aireportuak Donostiarekin duen lotura indartuko du Lurraldebusek udan

Antxeta Irratia 2024ko eka. 17a, 12:48

Hondarribiko aireportuak iazko marka historikoa %5,3an hobetu du maiatza arte. Jasotzen duen bidaiari kopuru handiaren beharrak asetzeko, ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean E30 Lurraldebus linea zuzen berri batekin indartuko dute Hondarribiko aireportua eta Donostiaren arteko lotura. Zerbitzu honekin iaz E21 linearen erabiltzaileek pairatu behar izan zituzten eragozpenak errepika ez daitezen bilatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak. 

Ostegun honetan, ekainaren 20an Hondarribiko aireportutik Donostiako tren geltoki aldamenean dagoen Urumea pasealekuko (Federico Garcia Lorca) autobus geltokira zuzenean joateko aukera emango duen E30 Lurraldebus linea berria martxan jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak argitu du, gipuzkoarrek eta bisitariek garraio publikoa erabil dezaten bilatzen dutela neurri honekin. Eta bereziki, joan den urtean Hondarribian E21 linean emandako arazoak sahiestu nahi dituztela. «Lanean jarraituko dugu egunero garraio publikoa hobetzeko eta herritarren beharretara egokitzeko, kalitatezkoa, erosoa, segurua eta lehiakorra izan dadin, horrela bakarrik lortuko baitugu garraioa jasangarria izatea eta erabiltzaileak fidelizatzea», nabarmendu du diputatuak. 

Esan bezala, zerbitzu berria ekainaren 20ean hasiko da eta irailaren 30era arte egongo da martxan, bi egun horiek barne, eta aipatutako bi geltoki besterik ez ditu izango, aireportua eta Donostiako tren geltokia eta autobus intermodalaren arteko konexio zuzena eskainiz. Autobus zerbitzu honen maiztasuna ordubetekoa izango da. Donostiatik 7:05, 8:05, 9:05, 10:05, 11:05, 12:05, 15:50, 16:50, 17:50, 18:50 eta 19:50ean irtengo den bitartean, Hondarribiko aireportutik 7:35, 8:35, 9:35, 10:35, 11:35, 12:35, 16:20, 17:20, 18:20, 19:20 eta 20:20ean abiatuko da. Iragarri dutenez, zerbitzu hau martxan jartzearekin batera, E21 (Aireportua-Hondarribia-Donostia) autobusa ez da gehiago aireportuan sartuko, E30 linearen ordutegiz kanpo, 21:45etako zerbitzuan izan ezik. 

Aireportuaren marka historikoak birrinduz

Aldundiko ordezkariak azpimarratu duenez, aireportuaren konexioak ahalbezainbat hobetzea geroz eta garrantzia handiagoa du. Izan ere, Hondarribiko aireportuak bidaiari kopuru marka guztiak apurtzen ari da hilabetez-hilabete. 2023 urtean 482.662 jaso zituen, 2022an baino ia 100.000 gehiago. Eta 2024an datu horiek gainditzeko bidean doa. AENAk plazaratutako datuen arabera, 46.467 bidaiari igaro ziren Hondarribiko azpiegituratik maiatzean, 2023ko hil horretan baino %3,2 gehiago. Guztira 575 hegazkin mugimendu erregistratu zituzten, %1,1 gehiago. Eta urtarriletik maiatzera 2023ko datuekin alderatuz gero, 177.741 bidaiari iragan dira guztira. Hau da, %5,3 gehiago.

Ezin ahantzi daiteke, era berean, uda honetan inoizko  eskaintzarik zabalena izango duela Hondarribiko aireportuak. Une honetan, Iberia, Volotea, Vueling, Binter eta British Airways-CityFlyer ari dira bertan lanean. Eta horri esker, Gipuzkoa Madril, Bartzelona, Sevilla, Valentzia, Malaga, Kanariar Uharteak, Balear Uharteetako Mallorcako Palma eta Menorca, Londres eta maiatzaren erditsutik uztailaren 30era arte Eskoziako Edinburgo hiriburuarekin ere lotuta dagoela.