Merka2dasoa azoka antolatu dute Arma Plazan uztailaren 6an

Antxeta Irratia 2024ko eka. 19a, 10:23

2014az geroztik Txingudiko Zerbitzuak antolatzen duen bigarren eskuko azokak hiri-hondakinen prebentziorako eraginkorra dela egiaztatu du, urtean 1.000 kilo hondakin baino gehiago sahiesten dituelako, ekonomia zirkularra sustatuz aldi berean. Erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizitza eman eta trastelekua hustutzearekin batera, dirua berreskuratzeko erreferentziazko merkatua bilakatu da Bidasoaldean.

Ipar Euskal Herrian Ganbara Hustea (Vide Grenier) herri askotan ondo errotutako usadio handiko ekimena bada ere, Txingudiko Zerbitzuak-ek 2014an Merka2dasoa azoka antolatzen hasi zenean, jendeari dinamika hartzea kostatu zitzaion Irun eta Hondarribian. Baina Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian hamarkada luzeetan modu herrikoian egin izan dena, Bidasoaren beste aldean erakunde honek kudeatuta hartu du martxa. Baita ondo hartu ere. Uztailaren 6ean Hondarribiko Arma Plazan antolatu dute hurrengo hitzordua, joan den azaroan egindakoa eguraldi txarrak zapuztu bazuen ere, Portua auzoko San Pedro kalean antolatu ohi dutena Alde Zaharrera lekuz aldatzea erabaki baitu Txingudiko Zerbitzuak azken edizioetan.

Edozein lekutan antolatzen dutela ere, 2014az geroztik bigarren eskuko azoka hau ondo errotu da bidasotarren artean. Eta Txinzerrek aitortze duenez, hiri-hondakinen prebentziorako edo hauek sahiesteko ekimen eraginkorra da. Leire Zubitur gerenteak aipatu digunez, urtean halako lau antolatu ohi dituzte, bina Hondarribian eta Irunen. Eta egindako azterketen arabera, azoka bakoitzean batez bestean 800 bat produktu saldu eta erosi ohi dira bertan, 300 kilo zabor hondakindegian amaitzea sahiestuz. Izan ere, askorentzat trastelekuan hautsa biltzen ari diren liburuak, elektrika-tresnak, altzariak, jostailuak... beste askok aprobetxatu ditzazkete. «Normalean trastelekuan gordeta eta berandu baino lehen zaborretan bukatzen duen horri bigarren bizitza bat eman, eta bide batez, saltzen duenak diru bat berreskuratzen ahal du», azpimarratzen du Txinzer-eko gerenteak. Horiek hala, azoketan parte hartzera animatzen ditu bidasotarrak. Urtero tona bat baino gehiago hondakin aurrezten baitira eskualdean ekimen honi esker. 

Horiek hala, uztailaren 6an Hondarribiko Arma Plazan goizeko 10:30etik 14:00ra izango da, eta puxkak saltzeko aurretik hemen izena eman beharra dago. Hondarribian azaroan antolatutakoan 30 lagunek izena eman zuten.