Baimenik gabeko suak edota arriskutsuak direnak detektatzeko kontrolak egingo ditu Udaltzaingoak San Juan bezperan

Antxeta Irratia 2024ko eka. 20a, 11:00

Hondarribiko Udaltzaingoak San Juan bezperako suak segurtasunez antolatzeko baldintzak jakinarazi ditu. Igandean baimenik gabe egiten direnak detektatzeko kontrolak egingo dituzte, eta auzoetan antolatu dituztenek sei puntuko segurtasun baldintza dekalogoa bete beharko dute. Bestela berehala itzaliko dituzte.  

Igandean ospatzen den San Juan bezpera dela eta, Hondarribian piztu daitezken suak eta haien ondorioak kontrolatu nahi ditu Udalak. Urtero bezala baimendutako suek zenbait baldintza bete beharko dituzte horretarako. Baina Udaltzaingoak jakinarazi duenez, aurten prozedura berria jarriko du abian, bereziki, baimenik gabe egiten direnak detektatu eta berehala itzaltzeko. 

Hau horrela, Udaltzaingoak suaren kontrola ezarriko du, baimenik gabe egiten direnak detektatzeko. Eta Hondarribiko auzoetan egiten diren suen arduradunek sei baldintza bete beharko dituzte ezinbestean segurtasunaren izenean. Iragarri dutenez, baimenduta egon arren, arriskua sor dezakeen su bat detektatzen bada, berehala itzaliko du Udaltzaingoak.

Baldintza hauek zehaztu dituzte: 

  1. Udalari jakinaraztea: Udalari jakinarazi beharko zaio BAZaren bidez, arduradunaren izena, harremanetarako telefonoa, krokis bat eta suaren kokapen zehatzaren argazki bat emanez.
  2. Arduradunaren presentzia: erretzeko eskaeraren arduradunak bertan egon beharko du eskabideak irauten duen bitartean.
  3. Segurtasun-distantziak: bertaratuek eta suaren arduradunak segurtasun-distantziak errespetatu beharko dituzte.
  4. Debekatutako materialak: ez da lehergailurik, likido sukoirik, gas toxikoak edo ke kantitate handiak bota ditzakeen materialik edo tresna elektrikorik erabili behar.
  5. Gutxieneko distantzia: sua eraikin, linea elektriko, telefono-instalazio, gas-kutxeta, hiri-altzari, farola, mota guztietako ibilgailu eta, oro har, suak kalte egin diezaiokeen edozein azpiegitura edo elementu publiko edo pribatutatik 40 metrora egon beharko da gutxienez.
  6. Jabearen adostasuna: sua egiten den lekuko jabearen adostasuna beharko da.