Heldu den igandean Hondarribiko hondartzatik abiatuko da Pirinioak parapentez zeharkatzen dituen X-Pyr lasterketa. Goizeko 10:00etan aterako dira lehiakideak, eta Hondarribitik Gironako El Port Selvaraino 605 kilometro bidaiatu beharko dute hegan eginez eta korrika. Jurdan Uruñuela irundarra, Bidasoa Hegan Zentroko ordezkariak azaldu digunez, parapenteko Liga Norte antolatzen duen Iñigo Redin nafarrak antolatzen du X-Pyr lasterketa hau ere. Mundu mailan dagoen lasterketarik gogorrenetako bat dela azpimarratzen du.
«Hondarribitik atera eta Larhunera igotzen dira, hortik bota, hegan egin eta gero parapentea motxilan sartu eta mendian gora korrika igo berriz ere, eta horrela Katalunyaraino iritsi arte», esplikatu digu. Kontu handiz ibiltzeko lasterketa dela dio, baina oso kontrolatua dagoela, Pirinioak zeharkatzerakoan bereziki. «Han ez dago ezer, bakarrik zaude», dio. Lasterkariek GPSa eta mapa erabiltzen duten bitartean, antolakuntzak satelite lokalizadoreen bidez jarraitzen ditu partehartzaile guztiak, eta irrati bidez ere harremanetan daude uneoro.
Aurten 45 taldek parte hartuko dute, eta nahitaez aurretik markatuta dauden zenbait puntutatik pasa behar dute, esan bezala, soilik parapentea edo bere hankak erabili ahal izango dituztelarik. Antolatzaileek azaldu digutenez, ez dago berezko etaparik, baina egunean gehienez ere 14 orduz egon daitezke mugimenduan, eta Pirinioetako punturik altuenetatik pasa beharra izaten dute.