Hondarribia herri turistikoa denik ezin ukatu daiteke. Betidanik izan da udatiarren erreklamu. Eta Hondarribiko Udaletik eta Bidasoa Bizirik garapen agentziatik, azken bi hamarkadaotan sustatu izan den sektorea dugu. Aldiz, orain udal agintean dagoen Abotsanitz udal taldearen arabera, «garai bateko agintariek bilatutako hiri-ereduak gainezka egin du herrian». Eta neurri hartu eta erregulatu nahian dabil azken aldi honetan.
Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, bisita gidatu eta turista talde antolatuen masifikazioa mugatzeko mozio bat aurkeztuko du Abotsanitzek osteguneko (ekainak 27) udal osoko bilkuran. Izan ere, «Hondarribia bisitarien eskaparate eta produktu polita den bitartean, hondarribitarrak National Geographicen publizitate kanpainen biktima bilakatu dira, herritarren eta turisten arteko bizikidetzan eragiteraino». Mozioa aurkezteko emandako argudioen artean, azken asteetan emandako zenbait egoera azpimarratu ditu Abotsanitzek. Alde Zaharra eta Portua auzoetan 40tik gorako talde turistiko antolatuak bildu izan direla diote, eta «masa turistiko horren ondorioz» kaleetatik ezin pasa eta norbere etxeko atarira ezin sartu ibili diren hondarribitarrak kexu dira.
Masifikazio hori udaletxera ere iritsi dela diote. Izan ere, bisitariak udaletxe barrenera eta udal areto nagusiraino sartzera iritsi dira, «bere etxeetan egongo balira bezala, eta inongo begirunerik gabe».
Hau guztiagatik, espazio publikoaren ordenantza sortzea proposatuko du Abotsanitzek osteguneko udal osoko bilkuran, talde turistiko hauei 25 pertsonako muga ezartzeko helburuarekin.