Uda ere obrak egiteko da Hondarribian

Koldo Nausia 2024ko eka. 27a, 10:35

Uztailaren 1ean hasiko dituzte Santiago kaleko 1. eta 21. zenbakien arteko berrurbanizazio lanak. Sei hilabeteko epea iragarri du Udalak, Txinzer-ekin elkarlanean lurrazpiko ur saneamendu eta hornidura sarea ere berrituko baita. Argiteria ere berrituko dute, eta aparkaleku linea ezabatzearekin batera, Santiago eta San Pedro kaleetako itxura hartuko du zati honek ere, oinezkoei lehentasuna emanez. 

Udal Gobernuaren irizpidea da uda ere obrak egiteko garaia dela. Historikoki turismo sasoi bete-betean ez da halakorik ezagutu Hondarribian. Baina joan den urtean dagoeneko 'Hondarribia Kalez Kale Hobetzen' plangintza aldatu egin zuen Udal Gobernua agintera sartu orduko. Eta udan lanak gelditzeko aurreikuspena bete beharrean, udako hilabeteak lanak azkartzeko bideratu zituzten. Oraingo honetan ere, atzerapena zeramatzaten Santiago kaleko berriritartze lanak udan abiatzea erabaki dute udal agintariek.

Igor Enparan alkateak argitu duenez, «urteak 12 hilabete ditu, eta udan obrak ez egiteko orain arte erabilitako irizpideak egutegia sobera mugatzen zuen, proiektuak eta obrak atzeratuz». Hortaz, «behingoz obren prozesu administratiboa martxan jarrita», uztailaren 1ean hasiko dituzte Santiago kaleko 1. eta 21. zenbakien arteko zatia berritzeko lanak. Irailera arte iraungo du lehen faseak, kalearen 7. eta 21. zenbakien arteko zatian. Eta ondoren egingo dituzte kalearen hasierako (Tiralineas parekoa) aldea. 

Egungo aparkalekuak ezabatu eta oinezkoei lehentasuna emango dien plataforma bakarra egokituko dute.

Estitxu Urtizbereak, Hirigintza arloko zinegotziak iragarri duenez, «Santiago kaleak aurrerago duen eta San Pedro kalearen itxuraren antzekoa hartuko du beste honek ere, espaloiak desagertu eta kota berean oinezkoek lekua irabazita, eta aparkatzeko linea ezabatzeaz gain, hormetan zintzilik dauden argiteria zaharrak ordezkatu egingo dira, kalea herritarrentzako xamurragoa eginez». Izan ere, Portua auzoko kale edo eremu estu eta ilunenetako bat da, hamarkada luzeetan zaharberritu gabe egon ondotik. Hiri altzariak ere aldatuko dituzte. 

Proiektuaren aurrekontua 1.183.846 eurokoa da, baina ez da soilik azaleko lanetarako bideratuko. Txingudi Zerbitzuakekin elkarlanean, lurrazpiko ur eta hornidura saneamendua berritzeko aprobetxatuko dituzte obrak. 

Lanen ondorioak trafikoan

Obra guztietan bezala, bizilagunentzako «neketsua» izango dela aitortu du alkateak. Baina Igor Enparanek argitu duenez, «behingoz bizilagunek duten mugikortasun arazoa konpondu ahal izango da» eskuhartze honi esker. Lanak egingo diren bitartean ere, ahalik eta afekzio gutxien eragiteko helburuarekin antolatu dute zirkulazioa. Urtizbereak argitu duenez, 7 eta 21 zenbaki arteko garajeetara sartzea bermatuko da, eta beti bezala Santiago kaletik sartuko dira.

Komertzioetarako karga/deskarga ibilgailuek, aldiz, San Pedro kaletik bideratuko dituzte San Kristobaleko biribilgunetik sartuta. Horrela, Santiago kaleko 23tik Madalen karrika bitarteko zatikoek nahitaez San Pedro kaletik sartu beharko dute, eta halabeharrez, San Pedro kaleko 5-13 arteko zatia bi zentzutakoa bilakatuko dute obrak dirauen bitartean.